Xabin Egaña artista oñatiarra zenaren lanen monografia jasotzen duen liburua aurkeztu dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko apirilaren 17a

Hogei urte pasa dira Xabin Egaña (Oñati, 1958-2006) artista oñatiarra hil zela eta haren lanekin osatutako liburua argitaratu dute orain.

Aurkezpenean izan dira Fernando Golvano egilea, Xabin Egañaren lagun Kepa Landaluze artista arrasatearra eta Jurgi Madariaga, Egañaren iloba. 

Urte askotako lanen emaitza izan dela adierazi du Madariagak: "Ideia sortu zen duela hamar urte, izan ere, hura hil zela hamar urte bete zirenean, bi erakusketa egin genituen. Bata, Oñatin; Egañaren eta Landaluzeren lagun eta artistek, Egañaren laburpen bat jaso zuten haren ibilbide artistikoarena. Bizitzaren zati handi bat Gasteizen egin zuen eta han ere egin genuen beste erakusketa bat. Hangoa oso konkretua izan zen. Bizitzako azken urtetan egindako proiektu bat prestatu genuen Gautxoriak izenekoa eta bertan jaso genituen Gasteizko gauetan jendeari egindako erretratuak". 

Gautxoriak eta Oñatiko erakusketa ikustera joan zen jendearen artean, azaldu zuten haren lanak elkartzeko ideia: "Kepa Landaluze lagunak esan zigun Egañaren ibilbidea ikusita, haren obra, idatzi, testu, bidaia-liburuak... jaso, artxibo bat egin eta guztiari forma ematea ondo egongo litzatekeela, guztia ondo gorde ahal izateko". 

Eta orduan, duela hamar urte, jarri ziren kontaktuan liburuaren egile Golvanorekin. Egañaren arreba Arantxa Egaña ibili da proiektua zuzentzen eta Oñatin aurkeztu dute gaur jendaurrean. Datorren astean Gasteizen egingo dute haren lanen monografia jasotzen duen liburuaren aurkezpena.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak