Orain dela 30 urte baino gehiago Isabel Verdini koreografoak Downen sindromea duen bere iloba Haizearekiko "sentitzen duen maitasun sakonaren ondorioz" abiatu zuen proiektutik sortutako dantza garaikide konpainia inklusiboa da Verdini. "Haizearen bizitzari, dantzaren bidez, ekarpenak eta onurak sortzea izan zen dantza konpainiaren abiapuntua, eta ibilbidean zehar argi ikusi eta frogatu dugu dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako dantza, afektutik eta sentiberatasunetik, komunikatzeko eta elkarreragitea ahalbidetzen duen hizkuntza artistiko baliagarria dela; hau da, pertsona guztien gaitasunak garatzeko aukera ematen duela, bereziki, dantza garaikideak", azaldu du Verdini konpainiako presidente Jesus Muruak.
Donostiako dantza taldea orain dela hamar urte izan zen Oñatin, eta, "orduko oroitzapen onak gogoan", bihar, zapatua, Santa Ana antzokira itzuliko dira; oraingoan, Verdiniren distira ikuskizunarekin. "Donostiako Musika Hamabostaldiaren inaugurazioan, abuztuan, izango da estreinaldi ofiziala; bada, Oñatikoa zuzeneko entsegua izango da". Oñati.eus atarian eros daitezke sarrerak, hamar eurotan.
Hamahiru dantzari
Aniztasunari ikusgarritasuna ematea eta balioa ematea du konpainiak oinarri; hori horrela, Donostiako eta inguruko 25 eta 54 urte bitarteko hamahiru dantzari izango dira taularen gainean, ezgaitasuna dutenak eta ez dutenak elkarrekin. Hain justu, Isabel Verdini taldeko zuzendariarekin batera Jon Alonso, Nerea Astarbe, Ainhoa Bakaikoa, Miriam Corrionero, Maria Isasti, Idoia Machimbarrena, Aitor Manterola, Oihane Mateos, Aizpea Mugika, Nekane Prieto eta Alex Santesteban izango dira Verdiniren distira ikuskizunean dantzan.

Eszenografia edo apaindura gutxi duen ordubete inguruko ikuskizuna da. "Artearen ospakizuna, mugimendua eta giza konexioa da, modu baten esanda, kontakizunaren muina. Dantzaren bidez aniztasuna indar sortzaile bihurtzen da, eta eszenatokia ezberdintasunak onartzeko gune eta, era berean, ezberdintasunak ospatzeko gune ere bilakatzen da. Gorputzak berba egin, arimak dar-dar egin eta publikoa hunkitzen den bidaia-sentsoriala da; begi berriekin begiratzera bultzatzen gaituen bizitzaren, kolorearen eta enpatiaren distira".
Telebista-saio askotan
Orain dela 26 urte egin zuten antzoki baten estreinako emanaldia, Gure indarra izenekoa, eta harrezkero hamar ikuskizun baino gehiago sortu eta erakutsi dituzte. Askotariko aretoetan eta telebista-saio askotan ere izan direla gaineratu du Muruak: "EITBko saio askotan izan gara, baina hemendik kanpo ere plato asko ezagutu ditugu; adibidez, Got talent eta The dancer saioetara gonbidatu izan gaituzte".