Greba-dinamika hasi dute, langile publikoen Udalhitz hitzarmena berritzeko eskatzeko

Gontzal Belategi Zubia 2026ko apirilaren 17a

Udal langileen elkarretaratzea gaur, egubakoitza, Oñatin.

ELA eta LAB sindikatuek greba dinamika bat abiatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko udal langileen artean, Udalhitz hitzarmena berritu eta langileen baldintzak hobetzeko asmoz. Gaur egin dituzte lehen mobilizazioak, eta eskualdeko langileak Oñatin izan dira, elkarretaratze bat egiten. Lanuzteak eta egun osoko grebak ere iragarri dituzte.

ELA eta LAB sindikatuek apirilaren 9an iragarri zuten greba-dinamika abiatuko zutela Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako udal langileen artean, 16 urteren ostean haien lan-baldintzak hobetu ahal izateko. Gaur, egubakoitza, izan dira lehen mobilizazioak, eta eskualdeko udal langileek elkarretaratzea egin dute, Oñatin, 11:30ean.

Udalhitz berritzeko beharra

Udalhitz, langile publikoen hitzarmena, dago gatazkaren erdigunean. Sindikatuek azaldu dutenez, 2010ean iraungi zen hitzarmena, eta geroztik urtez urte udaletako langileen lan-baldintzak okertzen joan direla salatu dute. 2025ean negoziazio mahaia ireki zuten, baina, ELAren eta LABen arabera, Eudelek "eduki eskasak jarri ditu mahai gainean", eta EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk zein alderdi independenteek "proposamen integralik gabe" jarraitzen dute.

LABeko zerbitzu publikoetako arduradun Txus Goikoetxeak ontzat jo du mahaia irekita egotea, baina, hala ere, negoziaketak motelegi joan direla uste du: "Alde baikorra mahaia irekita egotea da, aukerak hor daudelako. Alde negatiboa, berriz, urte eta erdi negoziaketa mahaian pasatu arren gutxi aurreratu izana da".

Negoziaketan eragiteko nahia

Goikoetxearen ustez, ez da egon negoziatzeko borondaterik: "Zehaztasunetan sartu eta aurrera egiteko borondate falta sumatu dugu". Blokeo-egoera dagoela ere esan du: "Mahaia irekita egotea baikorra den arren, eraginkortasunean eta adostasunerako borondatean blokeo nabarmenak ikusten ditugu".

Negoziaketa horietan eragiteko asmoz abiatu dute ELA eta LAB sindikatuek greba-dinamika, eta, Goikoetxearen esanetan, garrantzitsua da gaurdanik hastea: "Momentu hau oso garrantzitsua da guretzat. Datorren urtean ziklo elektoral bat irekiko da udaletan zein aldundietan, eta uste dugu orain dela garaia urte luzez berritu gabe egon den Udalhitz hitzarmena berritzeko".

Dagoeneko greba dinamikaren baitako hainbat mobilizazio iragarri dituzte. Gaur, elkarretaratzeak izan dira hainbat eskualdetan, eta Debagoienekoa Oñatin izan da. Apirilaren 23an, berriz, lanuzteak egingo dituzte, 11:00etatik 13:00etara. Azkenik, maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako greba deialdiak egin dituzte.

Hainbat eskakizun

Udalhitzen berritze horretarako hainbat eskaera egin dituzte dinamika martxan jarri duten bi sindikatuek, langileen baldintzak hobetze aldera. "Belaunaldi erreleborako planak, eros ahalmenaren galerari aurre egin ahal izateko soldata eguneratzeak eta bajak kudeatzeko sistemak ezartzea dira egiten ditugun eskaera nagusiak" azaldu du LABeko zerbitzu publikoetako arduradunak. Hala ere, bestelako eskakizunak ere mahai gainean daude, tartean, arrisku fisiko eta psikikoak saihesteko, soldata arrakalekin amaitzeko, kontziliazioa bermatzeko edo euskara sustatzeko neurriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak