Hego Koreako ordezkaritza batek Oñati bisitatu du turismo jasangarriaren eredua ezagutzeko

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko apirilaren 17a

'Best Tourism Village 2023' aitortzak erakarrita, Koreako ordezkariak bertatik bertara ezagutzen dabiltza herriko ondarea eta turismo eredua.

Hego Koreako Jeju eskualdeko ordezkaritza instituzional batek Oñati bisitatu du gaur, turismo jasangarri eta arduratsuaren arloan herriak duen eredua gertutik ezagutzeko. Bisita, Oñatik Nazio Batuen Turismoaren Mundu Erakundeak –UN Tourism– emandako Best Tourism Village 2023 aitortza jaso izanaren ondorioz egin dute.

Aitortza horrek nazioarteko interesa piztu du, eta, horren harira, Koreako hainbat turismo-helmugak –Dongbaek eta Sehwa herriek, Jejunen, eta Mosan uharteak, Hego Jeollako probintzian– antzeko sariak jaso dituztenez, esperientziak trukatzeko asmoz etorri dira Euskal Herrira. Oñati aukeratu dute, ondare kultural eta natural aberatsa duelako, baita landa-eremuetan turismo iraunkorra sustatzeko duen gaitasunagatik ere.

Harrera eta bisita

Oñatiko udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin diete harrera goizean eta Xabier Igartua zinegotziak korearrezko hitz batzuekin egin die ongi etorria; "Hwan-yeong-ham-ni-da" esan die, "ongi etorri", euskarara itzulita.

Oñatiko txokolatea eta txakolina eman diete opari moduan, eta Igartuari ere ekarri dizkiote haien herrialdeko hainbat opari preziatu.

Ondoren bisita gidatuarekin hasi dira.Turismo bulegoan egin dute lehen geldialdia eta ostean San Migel parrokiara joan dira.

Egitarauak beste hainbat geldialdi ere jasotzen ditu: Txokolateixia ezagutzea Anton Azpiazuren azalpenekin, Arantzazuko santutegira igotzea, eta Arrikrutz kobazuloa bisitatzea.

Jardunaldiak aukera eman du bi herrialdeen artean turismoaren arloko ikuspegiak partekatzeko eta etorkizuneko lankidetzarako bideak aztertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak