Larretxeak haurtzaroko bizipenak hartu ditu inspirazio-iturri eta orduko "minetatik" abiatutako poemak ondu ditu bere azken liburuan. Urteak pasata, "distantziatik" begiratuz idatzi ditu testuak. Horrekin guztiarekin, haren ibilbideko euskarazko zazpigarren poema-liburua osatu du. "Familiaren, memoriaren eta gorputzaren arteko
talka poetikoa da. Aizkora baten kolpea enborrean. Harri baten pisua eskuetan. Isiltasun bat mahai baten bueltan", esan dio GOIENAri egileak.
Larretxeak, ama Rosario Gortariekin eta aita Patxi Larretxearekin batera, familia propioa jarriko du oholtza gainean, poesia eta herri-kirolak elkartuz. Aita-semeak egurra mozten ibiliko dira. Belaunaldien arteko haustura eta berriz elkartzeko aukera;
familia-harremanen konplexutasuna; idazketa eta sorkuntzaren sendatzeko indarra; eta landa-eremuko iruditegia eta memoria kolektiboaren arrastoak izango dira gai nagusiak.