Inprobisazioa noraino hel daitekeen erakutsiko dute, ikusleen laguntzarekin

Mireia Bikuña 2026ko apirilaren 17a

Supituki taldeak 'Supituki show' ikuskizuna egingo du domekan, 12:30ean.  Inprobisazio hutsezko euskarazko antzerki emanaldia izango da. Lau aktore igoko dira oholtzara; tartean, Egoitz Aizpuru oñatiarra.

Gehienetan, ondo landutako gidoiak izaten dira oholtza gainean interpretatzen diren ikuskizunen oinarri nagusia. Bada, oso bestelako proposamena da Supituki taldearena. "Hamar minutuko istorio motzak kontatuko ditugu. Guztiak daude istorioak kontatzeko dauden dinamika edo jolasei lotuta. Adibidez, jolas batean esaldiak bukatu barik utziko ditugu, eta ikusleek bukatu beharko dituzte horiek", esan du Egoitz Aizpuruk.

Izan ere, Supituki taldeak pro- posatzen duen emanaldian ikusleen lana oso garrantzitsua da. Etengabe egongo dira oholtzako aktoreekin elkarlana egiten. Are
gehiago, gaztelekura sartzen direnean, askotariko gaiak eta esaldiak dituzten txartelak hartuko dituzte. "Gure konplize izango dira, eta hala izan dadin bidea zabalduko diegu. Oholtza gainetik proposatzen dugun edozein dinamikan parte hartu ahal izango dute. Azken finean, elkarren arteko interakzio hori da inprobisazioaren ezaugarri nagusia. Bat-batekotasuna oso freskoa da, eta, gai berberak erabilita ere, ez ditugu bi saio berdin egiten. Denok dugu iritzi ezberdina gai berari buruz".

Oñatitik Madrilera

Irazan antzerki guneko kide sorreran, Madrilera joan zen Aizpuru, antzerki inprobisatuaz trebatzera. Zazpi urte egin zituen han, Jamming konpainian bat-batekotasuna lantzen eta istorioak sortzen. Madrildik Bilbora egin zuen jauzia, Jammingek han duen eskolan lan egitera. Han dihardu egun, eta urte hauetan guztietan ikasitakoa erakusteko gogoz dator Oñatira: "2025eko apirilaren 26an egin genuen
lehen Supituki show. Ostean, etenaldi bat egin genuen, baina irailetik berriro dihardugu emanaldiak egiten. Herrira etortzeak barruak mugitu dizkit, eta espero dut ikusleak gustura egotea. Urduri ere banago, baina, ere berean, pozik eta eskertuta". Hilero hiru bat emanaldi egiten ditu Supituki taldeak, eta, Oñatiko emanaldiarekin, euren lana
bailaran zabaldu gurako lukete.

Bertsolaritzatik

Bertsolaritza-mundutik dator Aizpuru. Hor ere bat-batekotasuna da protagonista. Bada,
oñatiarrak ez die antzekotasun handirik ikusten bi diziplinei. "Bertsolaritza ariketa mentala da, eta guk egiten dugunean, mentalaz harago, gorputza ere sartzen da. Bertsolaritzan elkarrizketak ipintzen dira martxan. Bertsolaritzan bertsolaria pertsonaiatik nahiko urrun dago. Gai bati erantzuten diote, baina eurek. Gure kasuan, oholtzan pertsonaia bat gorpuzten dugu. Ez gara gu izaten. Horregatik diot ez direla oso antzekoak", azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak