Lehen mundial "ahaztezina" bizi izan du Madalen Etxegaraik Argentinan

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko apirilaren 16a

Madalen Etxegarai pilotari oñatiarra plazako frontoian, eguazten goizean, mundialean erabilitako pilotekin.

Euskal selekziorekin lehiatu da pilotari oñatiarra; inoizko emaitzarik onenak lortu dituzte. Llargues eta internazionala modalitateetan lehiatu da bera; asfalto gainean, kalean, jokatu ditu partidu batzuk eta futbol zelaian beste batzuk.

Munduko txapelketan jokatu du Madalen Etxegarai pilotari oñatiarrak Argentinako Mendoza hirian. Euskal selekzioarekin lehiatu da eta bere lehen mundial hau "ahaztezina eta berezia" izan dela dio bai emaitza aldetik eta bai giro aldetik.

Emaitza onak eta giro hobea

Inoiz baino jokalari gehiago izan dira, hamaika neska eta hamaika mutil, hautatzaileak eta federazioko kideez gain, eta inoiz baino emaitza hobeak lortu dituzte: lau urrezko domina, zilarrezko hiru eta brontzezko bat –emakumeetan, hiru urre eta zilar bat–. Absolutuetan, Euskadi izan da txapelduna kategoria bietan. "Kirol emaitzez harago, sekulako esperientzia izan da. Gutxi edo asko, ia denok ezagutzen genuen elkar frontoietan egin izan dugulako topo baina beldurra nion 31 laguneko taldeko elkarbizitzari, eta sekulakoa izan da; azkenean, hasieran genuen beldur hori bihurtu da esperientziako gauzarik onenean. Mutilen partiduak ikustera joaten ginen neskak, eta alderantziz. Tantoz tanto animatu dugu elkar, eta oso esperientzia ona izan da, ahaztezina. Familia bat izan gara".

Futbol zelaian pilotan

Lau modalitate ezberdin jokatu dituzte: One wall, manito eta joko zuzenak deritzotenak, llargues eta internazionala. Azken bietan hartu du parte Etxegaraik. "Bi modalitate horietan ez daude ez paretarik ez frontisik. Llargues, esaterako, kalean, asfalto gainean, jokatzen da, bost bosten aurka. Internazionala izeneko partiduak, berriz, lau lauren kontra izaten dira eta futbol zelaian jokatzen dira. Sei urteren ostean futboleko botak erosi behar izan ditut; ez nuke inoiz esango hori, baina bai. Bitxia izan da, bai. Llargueseko partiduetan, begira gelditzen zen kalean zebilen jende asko, zertan ari ote ginen galdezka. Aurrez aurre izan ditugu Italia, Herbehereak, Txile edo Argentina, esaterako".

Nesken taldea lortutako garaipenak ospatzen Mendozan, Argentinan (Argazkia: Madalen Etxegarai).

Jokoa ez ezik, pilotak ere ezberdinak izan modalitate horietan: Llarguesekoan hemengoa baino txikiagoa erabiltzen dute, goxoaren antza izan dezakeena, eta bestean, berriz, gomazko pilota marroiarekin jokatzen dute. "Hemen entrenamenduak eginda joan ginen".

Gipuzkoako txapelketa orain

Etxegaraik gogoan du oraindik mundialera joatea proposatu zioten eguna, azaroan. "Aurre hautaketako zerrenda jaso nuen lehenengo eta nire izena irakurtzea berezia izan zen, nire lehen munduko txapelketa izango zelako. Entrenamenduen ondoren aukeratuen zerrenda atera zen, banuen kezka, zaila zelako sartzea baina hartu egin ninduten, bai. Klasean nengoela jaso nuen mezua".

Munduko txapelketara joan den euskal selekzioaren taldea (Argazkia: Madalen Etxegarai).

Martitzenean heldu zen Argentinatik etxera eta gaur, eguena, Gipuzkoakok lau t'erdiko txapelketa hasiko du, Oñatin. Zapatuan, Mendabian jokatuko du, Nafarroako Irekiako kanporaketa. "Burubelarri bueltan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak