Handik hona

Fatimetu Naffa: "Kanpamentuek laguntzen dute heltzen eta arduratsua izaten; asko ikasi nuen"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko apirilaren 1a

Fatimetu Naffa, Oñatiko plazan. (Argazkia: I.A.A.).

Kanpamentuetan igaro zuen nerabezaroa, eta bizitzako etaparik onena bezala deskribatu du.

2000. urtean irten zen jaioterritik Fatimetu Naffa (Saharako kanpamentuak, 1990), eta, Bartzelonan eta Valentzian bizi izan ondoren, 2013 ezkero bizi da Oñatin.

Nolakoa zen kanpamentuetako bizimodua?

8 urterekin irten nintzen handik; hortaz, haurtzaroko oroitzapen askorik ez daukat. Dauzkadan oroitzapen gutxiak oso ederrak dira. Aire librean jolasten nintzen beste haurrekin, kezkarik gabe. Nire gurasoak handik Bartzelonara joan ziren. Pixka bat geroago, 2000. urtean, ni udako udaleku batzuetara joan nintzen Bartzelonako harrera-familia baten etxera, eta, ostean, gurasoekin geratu nintzen. Hemen daramatzadan urteak Bartzelonan, Valentzian eta Euskal Herrian pasatu ditut; tartean, kanpamentuetara itzuli naiz.

Bartzelonara iritsi zineneko ze oroitzapen dituzu?

Ume askok bidaiatu genuen. Aireportuan harrera-familiak gure zain zeuden, eta beste haurrengandik banandu nintzenean tristura eman zidan. Lehendabiziko bi egunetan ez nuen harrera- familiarekin egon nahi. Oso ondo portatu ziren nirekin. Harremana mantendu genuen urteetan.

Zergatik utzi zuten zure gurasoek jaioterria?

Aitak bihotzeko gaixotasun bat dauka. Tratamendua behar zuen, eta Bartzelonan artatu zuten. Han ezagutzen genuen familia batek hartu zituen nire gurasoak.

Esan didazu kanpamentuetara itzuli izan zarela.

2004ko abuztutik 2009ko otsailera arte egon nintzen han, adibidez. Nerabezaroa igaro nuen, eta oso ondo pasatu nuen. Han egin nahi nuen nire bizimodua. Hango askatasuna gustatzen zitzaidan, jendea, bizimodua... Duela gutxira arte nire bizitzako etaparik onena izan dela pentsatu dut. Asko ikasi nuen eta han hazi nintzen pertsona moduan. Kanpamentuek laguntzen dute heltzen eta arduratsua izaten; egoismoa kentzen dute. 2010ean han ezkondu nintzen.

Nola heldu zinen Oñatira?

2013ean iritsi nintzen Euskal Herrira, Hernanira, baina ez zitzaidan batere gustatu. Oñatiren berri izan nuen, lehengusu bat hemen bizi zelako, eta herri polita, garbia eta lasaia zela esan zigun. Horrelako herri bat nahi nuen nire seme-alabak hezteko. Herria ikusi, eta maitemindu egin nintzen.

"Pentsatzeko, janzteko eta bizitzeko era bera izaten jarraitzen dut"

Zer gustatu zitzaizun?

Giroa, lasaitasuna... Arreta eman zidaten eraikinek, paisaiak. Hernanin esan nienean alokairuko pisu baten bila nenbilela Oñatin, esan zidaten ez nuela erabaki ona hartu. Herri txikia zela eta oñatiarrek ez zituztela atzerritarrak gustuko. Arrasatekoek ere gauza bera esan zidaten.

Hori aurkitu zenuen?

Beldurrez etorri nintzen, eta kontrakoa izan zen. Kalean nenbilenean, alokairu bila, jendeak eskuko telefonoa hartu eta ingurukoei galdetzen zien, guri laguntzeko. Oso ondo hartu gintuzten, eta, ordutik, ez naiz hemendik mugitu.

Erraz egokitu zara?

Zorteduna sentitzen naiz, ez ditudalako izan beste batzuek izan dituzten zailtasunak. Jende askoren babesa izan dut, eta bakardadearen sentsazio hori ere ez dut izan, eta hori asko eskertzen dut.

Nongoa sentitzen zara?

Hemengoa eta hangoa. Kanpamentuetatik kanpo hazi naiz, eta uste dut bi aldeen gauza onak hartu ditudala. Ez naiz lekuz kanpo sentitzen hemen, ezta han ere.

Ohiturak mantentzen dituzu?

Ez dut ezer aldatu. Pentsatzeko, janzteko eta bizitzeko era bera izaten jarraitzen dut. Hemengo gizartera batu naiz. Jaioterrira sustraituta zaudenean berdin du non zauden. Haurrendako zailagoa da, baina ez ditugu behartzen izatea nahiko genukeena izatera. Guk bi kulturen gauza onak erakusten dizkiegu, eta espero dugu bakoitzak toki bakoitzeko onena hartzea.

Zer da atzerritarra izan eta Oñatin bizitzea?

Ezberdintasun kultural edota erlijiosoak izan arren, elkarrekin bizi gaitezke leku berean, eta horrek asko esaten du bizi naizen herriaz.

Zer igartzen duzu faltan?

Familia eta kanpamentuetako giroa; hango lasaitasuna. Jaikitzen zarenetik lotaratu arte ez zara geratzen hemen. Hango lasaitasun psikologikoa hemen ez dut aurkitzen.

Elkarrizketan zehar, behin baino gehiagotan aipatu duzu kanpamentuetako lasaitasuna.

Han jendeak ez dauka ezer. Gazteek aukera gutxi dauzkate lanerako. Zailtasun asko daude, baina, horren gutxi eduki arren, lasai daude. Hemen horrenbeste behar den lasaitasuna han badaukate, ez ezer izan arren. Hori sentitzen dut hara noanean. Erretiroa da niretzat.

Euskara eta kulturartekotasuna

Egitekoen artean dauka euskara ikastea Fatimetu Naffak, eta adierazi du hona etorri aurretik gaztelaniaz hitz egiten ikasi zuenez, hemen moldatzen zela harremanak egiteko: "Horretaz damutzen naiz. Ez nuen uste ikasteko unea zenik. Beti atzeratu izan dut euskara ikastea. Bizitza pertsonaleko zenbait arrazoirengatik ere ezin izan nintzen ikasten hasi. Aurten nintzen hastekoa, baina hurrengo urterako utzi dut. Ez da zailtasuna izan euskara ez jakitea. Ez naiz euskara ikastera behartuta sentitu". Azaldu du semea hemen hazi dela eta euskara menperatzen duela, eta hark ez duela ulertzen nola amak ez dakien hizkuntza bat menperatzen duen.

Antzekotasunak

Kulturen arteko ezberdintasunez galdetuta, antzekotasunak nabarmendu ditu; izan ere, Oñatin igarri du hemen ere familiari garrantzia ematen zaiola: "Oñatin familia errespetatzen dute eta maitasun handia dago. Guretzat ere familia oso garrantzitsua da. Pertsona batek ondorengorik edo seniderik ez badu kanpamentuetan, ez duzu sekula bakarrik ikusiko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak