Morekanbe eta Kelekona taldeek irabazi dituzte Oñatiko Herriko Futbol Txapelketako finalak

Goiatz Arana Begiristain 2026ko apirilaren 12a

Kopako txapelduna izan da lehena, eta, Ligakoa, bigarrena. Gogotik lan egin behar izan dute, baina, Iturritxoren eta Shatoken Moüra taldeen aurka, hurrenez hurren. Eguraldia lagun izan ez arren, giro bikaina izan da Azkoagain futbol zelaian.

Kopako finala izan da zapatu arratsaldean jokatutako lehen norgehiagoka, Morekanberen eta Iturritxoren artekoa. Partidu borrokatua izan da, talde biek gogotik estutu dute elkar garaipena lortzeko, eta Morekanberentzat izan da, azkenean (2-1). Kopako jokalari onena Oier Altzelai (Morekanbe) izan da.

Eguneko hitzordu garrantzitsuena etorri da gero, Ligako finalarena, alegia, eta horretan ere ez da emoziorik falta izan. Kelekonak iazko irabazlea izan zen Shatoken Moüraren kontra neurtu ditu indarrak. Markagailua hutsean zela amaitu dute partidua, eta penaltietan Kalekonak irabazi du, gol bakarreko aldearekin: 7-6. Kelekonak bere lehen txapelketa irabazi du, eta taldeko kide Jon Anduagarentzat izan da, gainera, Ligako jokalari onenaren saria.

Jokalari beteranoenaren saria Manu Garciak (Iturritxo) eraman du; golegile onenarena, Markel Ugartek (Hangover); eta atezain onenarena, Frakas Bravas taldeak, gol gutxien jaso dituena izateagatik.

Talde denen presentziarekin

Finalen egunean ez dute eguraldia lagun izan, baina giroa aparta izan da, hala ere. Txapelketan parte hartutako gainontzeko taldeek ez dute hitzordua galdu nahi izan, eta bertan izan izan dira horietako kideak, nor bere kamisetarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak