Munduko eta Euskal Herriko punta-puntako emakumezko eskubaloia izan da protagonista, Oñatiko kiroldegian. Euskadiko bi talde indartsuenek Euskal Kopako finala jokatu dute: Bera Bera eta Zuazo, nor baino nor gehiago. Bizkaitarrek irabazi dute, akaso, pronostiko guztiak hautsita.
Izan ere, Imanol Alvarezek zuzentzen duen Bera Bera hasi da partiduan agintzen. Defentsa sendoa eta eraso azkarra dira donostiarrek ezaugarri nagusienak, eta horiek baliatuz, lau goleko abantaila hartu duten lehen zatiaren lehen erdian.
Minutu askotan, atzetik
Bizkaitarrei kosta egin zaie partiduan sartzea, eta minutu askotan atzetik ibili dira markagailuan. Baina, neurria hartu diotenean, 26. minutuan, lehia berdintzea lortu dute: 9-9. Are gehiago, atsedenaren aurretik, lehen aldiz ipini da Zuazo aurretik markagailuan: 9-10. Dena den, hamarnako berdinketaren joan dira bi taldeak aldagelara.

Bigarren zatia
Handik bueltan, beste itxura bat eman du Zuazok, eta partiduaren norabidea markatzeko gai izan da. 10-12 aurreratu da segituan, eta Bera Berak berehala berdindu du.
Baina, 34. minututik aurrera, Zuazok ez dio aurpegia galdu partiduari, eta atezainaren geldiketa ederrei esker, aurretik ipini da markagailuan (16-17, 19-20, 20-22 eta 21-23).
Azken segundoetan estutu egin dute donostiarrek, baina ez dute berdintzea lortu eta sari nagusia Barakaldora joan da.

Selekzioen artekoa
Kopako Finalaren aurretik, selekzioen arteko partidua jokatu dute Argentinak eta Erresuma Batuak. Basque Country International Womens Cup txapelketari dagokion lehia jokatu dute, eta argentinarrek irabazi dute 23-18 (13-9, atsedenean).