Munduko eta Euskal Herriko eskubaloiak erakusteko duena, elkartuta, Zubikoan

Gontzal Belategi Zubia 2026ko apirilaren 1a

Bera Beraren eta Zuazoren arteko lagunartekoa, Zubikoan, 2024an.

Argentina eta Erresuma Batuaren arteko selekzioen partida eta Zuazok Bera Beraren aurka jokatuko duen Euskal Kopako finala egongo dira ikusgai Zubikoan, apirilaren 10ean.

50. urteurreneko ospakizunetan murgilduta jarraitzen du Aloña Mendi taldeko eskubaloi sailak. Apirilaren 10ean izango da hurrengo hitzordua, Zubikoako kiroldegian. Bi partida jokatuko dira egun horretan: alde batetik, Argentinako eta Erresuma Batuko selekzioen arteko norgehiagoka; eta, bestetik, Super Amara Bera Berak eta Zuazok jokatuko duten Euskal Kopako finala. Partida bakoitza ikusteko 5 euro ordaindu beharko da, eta sarrerak salgai daude Aloña tabernan.

Bi selekzio Zubikoan

Ez da ohikoena Zubikoan goi-mailako bi selekzio jokatzen ikustea, baina, 50. urteurrenak ahalbideratu du hori. Basque Country International Womens Cup txapelketa jokatuko dute, apirilean, euskal selekzioak, Argentinak eta Erresuma Batuak, eta, Aloña Mendiren eskubaloi saileko presidente Iñaki Mendarozketak azaldu duenez, Federazioak proposatu zien partida hau herrira ekartzea: "Euskadiko Eskubaloi Federazioak partida hori Zubikoara ekartzeko aukera eman zigun, eta baiezkoa eman genuen, apirilaren 10eko eguna borobiltzeko aukera polita zelako".

Partida polita aurreikus daiteke, Mendarozketaren arabera, Argentina Hego Amerikako selekzio indartsuetako bat da eta: "Eskubaloian, selekzio indartsuenak Europan daude, baina Argentina Hego Amerikako selekzio potenteenetako bat da". Erresuma Batua, berriz, itzalpean egon den selekzio bat da, baina indarra hartu nahian dabilena: "Etorkizunera begira dabilen selekzio bat da. Orain arte, nahiko maila eskasa izan dute, baina egoera hori aldatu egin nahi dute".

Euskal Herriko onena

Munduari begiratu ostean, Euskal Herriak eskaintzeko duen onena jasoko du Zubikoak, Emakumezkoen Euskadiko Eskubaloi Koparekin. Super Amara Bera Bera eta Zuazo taldeak izango dira aurrez aurre. Gaur egun maila ezberdinetan jokatzen duten arren, partida ikusgarria izango delakoan dago presidentea: "Bera Bera goiko mailan dago, eta Zuazo, bat beherago. Maila ezberdinetan jokatzen duten arren, ikusteko partida ederra izango da". Euskadiko Kopa gehien irabazi dituzten bi taldeak dira Bera Bera (12) eta Zuazo (2), eta bi taldeetako batek ere ez du amorerik eman nahiko partida horretan.

Eskubaloia, osasuntsu

Mendarozketaren ustez, Oñatiko eskubaloia osasuntsu dagoela erakutsi du urteurrenak: "Eskubaloia Oñatin ondo errotutako kirola da, eta 50. urteurren honetan argi ikusi da hori. Jendeak ondo erantzun du, eta, bestela ere, asteburuetan Zubikoa bete egiten da; bereziki, senior taldeen partidak ikusteko".

Osasun horren erakusle da atzean egiten den lan guztia. 240 jokalari inguru daude sailean, hamabost taldetan banatuta, eta haiekin 30 entrenatzaile. Eskubaloi eskolan, berriz, 116 gazte eta zazpi entrenatzaile dira.

 

Senior neskak, igoerako 'play-off'-etan

Denboraldi hasieran, liga berrirako helburuengatik galdetzean, hauxe erantzun zion Construcciones Ugarte Aloña Mendiko entrenatzaile Pablo Garciak GOIENAri: "Maila mantentzea bai, baina aurtengo helburu nagusia formakuntzan sakontzea eta lehiatzea dira". Taldeak ondo egin ditu lanak, eta, mailari eustearekin konformatu gabe, igoerako play-off-etarako sailkatu dira. Entrenatzaileak dio helburuak bete direla eta horrela jarraitu nahi dutela: "Bide beretik jarraituz gabiltza aurrerapauso handiak eginez. Formakuntza aurrera doa eta lehiatzen ikasten gabiltza. Helburuak, bide batez, ezin hobeto betetzen gabiltza".

Ilusioa eta erronka

Ilusioa dutela aitortu du Garciak, baina badaki erronka handia dela: "Ilusioz beteriko erroka dugu aurrean; ezin dugu ahaztu aurkarien maila handia. Hasieran pentsatzen genuena baino erronka handiagoen aurrean gaude, eta bidea egiten gabiltza horiek ahalik eta ondoen gainditzeko". 50. urteurrena "ahaztezina" izango dela gaineratu du, eta "maila onena" emateko bidean direla.

Construcciones Ugarte Aloña Mendi taldeko kideak, Zubikoako kiroldegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak