Topaketan parte hartu dute Eider Mendozak eta Unai Anduezak, baita Ulma eta Ulma Medical Technologies-eko arduradunek ere. Bisitan izan dira, halaber, Ulmako presidente Ibon Calvo eta zuzendari nagusi Iñaki Gabilondo, baita Aitor Ayastuy ere —etorkizunean taldeko zuzendaritza nagusia hartuko duena—.
Enpresa sarearen lehiakortasuna indartzeko tresna
Bileran, ULMA taldearen garapen estrategiaz gain, Glaciar proiektuaren aurrerapenak izan dira ardatz nagusietako bat. Proiektuaren bidez, teknologia kuantikoaren aplikazioak garatzen ari dira balio erantsi handiko sektoreetan lehiakortasuna indartzeko.
Osasun arloan aplikazio zehatz bat lantzen ari da Ulma Medical Technologies: begi-hondoko irudietan mikroaneurismak automatikoki detektatzeko sistema bat, erretinopatia diabetikoaren diagnostiko goiztiarra hobetzeko helburuarekin. Horretarako, inspirazio kuantikoko teknikak aztertzen ari dira —ereduen arkitektura indartzeko eta patroi sotilak identifikatzeko—, eta horrek aurrerapen esanguratsua ekar lezake osasun digitalaren eremuan.
Lehiakortasuna eta estrategia
Testuinguru horretan, Eider Mendozak azpimarratu du "egungo ziurgabetasun testuinguruan, funtsezkoa dela enpresa sarearen lehiakortasuna sendotzen jarraitzea espezializazio handiko proiektuen bidez". Halaber, Ulmaren eredua nabarmendu du, "ingurune global konplexu batean errotzea, berrikuntza eta pertsonekiko konpromisoa uztartzen dituen adibide gisa".
Mendozak, gainera, lurraldeko estrategiaren norabidea gogorarazi du: "urteak daramatzagu sektore estrategikoetan kokatzeko lanean, merkatuaren buru izateko eta lehia globaletik bereizteko", eta gaineratu du "funtsezkoa dela bultzatzen ari garen azpiegitura eta teknologia aurreratuek benetako eragina izatea industria sarean, Glaciar proiektuak erakusten duen bezala".
Bestalde, Iñaki Gabilondok adierazi duenez, "Ulmarentzat, Gipuzkoa Quantum bezalako ekimenak gure lehiakortasuna indartzeko aukera bat dira", eta nabarmendu du Glaciar "erakundeekin lankidetza estuan sektore estrategikoetan benetako eragina duten berrikuntzak nola bultzatzen diren erakusten duen adibidea" dela.
Programa estrategiko baten hazkundea
Gipuzkoa Quantum programak 31 proiektu sustatu ditu 2025ean —aurreko urtean baino bikoitza—, eta, Aldundiaren arabera, horrek sendotu egiten du teknologia kuantikoa lurraldeko enpresa ekosistemara eramateko estrategiaren garrantzia, lankidetza publiko-pribatua funtsezko tresna bihurtuz.