"Bizipoza Eskola" programa garatzen jarraituko da Oñatin

Olaia Milikua 2026ko martxoaren 27a

Asier Lauzurika Hezkuntza batzordeburua, Oneka Anduaga Bizipoza Eskolako koordinatzailea eta Izaro Elorza alkatea.

Udalak hitzarmena sinatu du Bizipoza elkartearekin, ikasturte amaierara arte Oñatiko ikastetxeetan eta hezkuntza ez arautuan inklusioa edo izaera bereziko gaiak landu ditzan. 

Bizipozak aniztasun funtzionala, familia aniztasuna, sexu orientazioa, gaixotasunak, heriotza, identitatea, genero rolak, transexualitatea, kulturaniztasuna eta boluntariotza bezalako gaiak lantzen ditu. Eta, hauek erdigunean jartzeko Bizipoza Eskola webgunea sortu dute. Gida didaktikoak eta bestelako materialak eskaintzen dira bertan, hezkuntza arautu, ez arautu eta herrigintzako eragileekin gai horiek lantzeko. 

Izaro Elorza alkateak balioan jarri du Bizipozaren lana: "Herri berdinzale batek oinarrian ditu inklusioa eta bidezko ereduak. Horiek barik, ez dago berdintasunik. Jarrera inklusiboa berma dadin bitartekoak eskaini behar dira, eta horretan ari da Bizipoza Eskola. Prebentzioa oso lagungarri da guztientzat izango den mundu bat eraikitzeko. Garrantzitsua da horretan ari diren eragileen lana aitortzea".

Herrian jarrera inklusiboa bermatzeko eta Bizipoza Eskolak bere bidea egiten jarraitzeko, Udalak 11.800 euroko ekarpena egingo du. Hitzarmen horren harira, Asier Lauzurika Arrondo Hezkuntza batzordeburuak Bizipoza Eskolaren ekarpenean jarri du azpimarra: “Bizipoza Eskolak inklusioa eta ohikoak ez diren izaera bereziko bestelako gaiak lantzeko aukera eskaintzen die hezkuntza formaleko zein ez formaleko espazioei, eta, era berean, inklusioaren alde ari diren herriko eragileak ikusarazten eta ezagutarazten ditu. Dinamika interesgarri baten bidez, ekarpen esanguratsua ari da egiten Bizipoza”.

Era askotariko gaiak

Gaur arte herriko hezkuntza zentro desberdinetan eskainitako hitzaldiei esker, minbizia, Mendebaldeko Sahara, boluntariotza, errefuxiatuak, migrazioa, dolua, kulturaniztasuna eta elbarrituen irisgarritasuna landu dira, sei eragile (Oñatiko Txingurrixak, Galuhak, Hotz Oñatik, Erei Elkartasunerako Elkarteak, Elkar Zainduzek eta Trautik) hizlari  irela. Programari amaiera emateko, Oñati aldarrikatzen duen murala egingo da Eskolan ikasitakoarekin. Murala, apirilean zehar egingo dute, eta maiatzaren 6an aurkeztuko dute. 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak