Garaiz detektatuta, koloneko minbizi kasuen %90 sendatu egin daitezke

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko martxoaren 27a

Topaketa mediko gastronomikoa egin zuten Oñatin eguaztenean, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatuta, koloneko minbiziaren prebentzioa jarri zuten erdigunean. 

Martxoaren 31 Koloneko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta, horren harira, topaketa mediko-gastronomikoa egin zuten eguazten arratsaldean Oñatiko nekazaritza-elkartean. Ekimena Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak antolatu zuen, eta prebentzioa eta detekzio goiztiarra izan ziren ardatz nagusiak. Hitzaldiaren gidaritza Ainhoa Barrenak hartu zuen, elkarteko psikologoak. Azaldu zuenez, koloneko minbizia da gaur egun intzidentzia handienetakoa duenetako bat, eta, nahiz eta sarritan gizonezkoekin soilik lotu, emakumeek ere izaten dute.

Detekzio goiztiarra

Detekzio goiztiarraren garrantziaz aritu zen, bereziki, Barrena, eta probak egiteko dei egin zuen. Programa 2009an jarri zen martxan, eta ordutik aurrerapauso handiak eman dira: gaur egun, %71ko parte-hartzea du Euskal Autonomia Erkidegoan. Hala ere, oraindik badago proba egiteko beldurra edo errezeloa duen jendea. Horregatik, informazioa zabaltzea eta kontzientzia piztea dute helburu elkartean; izan ere, datuak argiak dira: koloneko minbizia garaiz detektatuz gero, hamar pertsonatik bederatzik biziraun dezakete. Gainera, proba erraza eta eskuragarria dela azpimarratu zuen: etxean bertan egin daiteke, eta Osakidetzak bi urtez behin bidaltzen du, doan. "Zure etxetik salba dezakezu zure bizitza", adierazi zuen psikologoak.

Arrisku-faktoreak

Arrisku-faktoreen artean daude adina, gehiegizko pisua, sedentarismoa eta alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa, baita zigarro elektronikena ere. Elkarteak argi du mezua: ez dute beldurra zabaldu nahi, baizik eta herritarren esku dagoenari balioa eman eta ohitura osasungarriak sustatu. Eguazteneko topaketak ikuspegi praktikoa ere izan zuen, Iñaki Olaldek menu osasuntsu bat prestatu baitzuen, elikaduraren garrantzia azpimarratzeko.

Arrasaten egoitza berria

Debagoienean bere txokoa izango du etorkizunean Minbiziaren Aurka elkarteak; izan ere, ekainean bertan egoitza berria irekitzea espero dute. Helburua bailaran presentzia handiagoa izatea da, eta herritarrei gertutik zerbitzua eskaintzea. Elkarteak herritarren eskura jarruko dituen doako zerbitzuak honakoak dira: arreta psikologikoa, haur eta gazteen psikologia, gizarte-laguntza, ariketa fisikoa, erizaintza, nutrizioa, fisioterapia, tabakoa uzteko programak eta boluntariotza, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak