Uxue Erdozia, Maider Molinero eta Naroa Moiua oñatiarrek eta June Bolinaga elgetarrak Magisteritzako Hezkuntza Berezia ikasten dihardute Mondragon Unibertsitatean. Gelan landutako ikasgai bat praktikara eramateko une heldu zenean, Hasten proiektua sortzea erabaki zuten. "Proiektu hau Oñatiko aisialdiari begira sortu dugu, eta bereziki, desgaitasun desberdinak dituzten haurrei zuzendutako eguenetako aisialdi-gune bat eraikitzea izan da helburua. Urtarrilean hasi ginen, eta orain aurkezten gara herritarren aurrean", esan dute, gaztetxean egindako agerraldian.
Hutsunea identifikatuta, hori sufritzen zuten familiekin kontaktuan ipini ziren, eta sei familiarekin dihardute lanean. "Gaztetxean elkartzen gara eguenero, eta askotariko ekintzak egin ditugu: sukaldaritza, eskulanak, ibilaldiak herrian... Egia esan, oso aberasgarria izan da; eta aldarrikatzen dugu aisialdiaren garrantzia. Aisialdia eskubide bat da", azpimarratu dute.
Aurkezpen ekitaldian egon dira Hasten proiektuaren erabiltzaileak. "Gustura eta eskertuta" daudela esan dute. "Guretzat eta gure alabarendako ihesbide bat da holako talde bat egotea. Baditu bere lagunak, baina ezin ditu lagunek egiten dituzten gauza guztiak egin, gurasoak ez bagaude", esan du guraso erabiltzaile batek.
Aurrera begirakoak
Unibertsitatean landu beharreko proiektua osatuta, Hasten zerbitzuaren jarraitu gura dute Bolinagak, Molineros, Moiuak eta Erdoziak. Hori izan da jendaurrean aurkeztearen beste arrazoia: laguntza eta babesa behar dute. "Aurrera jarraitu gura dugu, baina ez daukagu laguntza ekonomikorik. Hutsune bat betetzera datorren zerbitzua dela sinisten dugu, eta lanean jarraitu gurako genuke".