Gaurko ekimenaren helburua adin bereko ikasleen arteko harremanak sendotzea da, jolasean aritzeko aukera eskainiz, eta aldi berean euskal kulturako ohitura, joko eta jolasak ezagutu eta gozatzea. Horretarako, lau gunetan banatu dituzte jarduerak: Herriko plaza (Foruen enparantza), Errementari plaza, kaleko pilotalekua eta kiroldegiko pilotalekua.
Bertan, herri kirolak (sokatira, giza froga, txingak…), euskal jolasak (toka, txirloak, xiba, txapa…) eta pilota zein pala landu dituzte. Jardunaldiari amaiera emateko, ikasle guztiek elkarrekin dantza egin dute.