Arte udalekuak, udaleku irekiak eta kirol kanpaina egongo dira aurten ere udan

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko martxoaren 18a

Joan den urteko udaleku irekietan, ur jolasak egiten.

Hiru eskaintzetarako izen ematea martxoaren 29ra arte dago zabalik. Begirale eta monitore izan gura dutenek ere epe horretan bidali behar dituzte eskaerak.

Udaleku irekiak, arte udalekuak eta kirol kanpaina. Hiru zerbitzuak antolatu dituzte aurten ere udan gaztetxoei eskaintzeko. Ekainaren 29tik uztailaren 24ra bitartean izango dira denak, baina izen emateak aste honetan zabaldu dira, martxoaren 29ra arte. Begirale izan gura dutenek ere epe bera dute euren eskaerak bidaltzeko.

Udaleku irekiak

"Umeen gozamen-iturri" izateko helburuarekin antolatu dituzte, beste behin, udaleku irekiak Haur Hezkuntzako hirugarren mailatik Lehen Hezkuntzako seigarrenera bitartekoendako. Eltzian izango dute elkargunea udaleku irekietara joango diren ume eta gaztetxoek, eta Oñatiko kaleak, parkeak eta txokoak erabiliko dituzte euren jolasetarako. 10.00etatik 13.00etara izango dira eta zaintza zerbitzua ere egongo da, 08:15etik 10:00etara. Izen online eman behar da www.onati.eus webgunean sartuta. Edozein zalantza izanez gero, Txaloka ludotekan galdetu daiteke; gaur, eguaztena, gainera, informazioa emateko zerbitzua emango dute ludotekan, 09:00etatik 12:00etara, eta hilaren 25ean, 26an eta 27an, 14:30etik 16:30era.

Arte udalekuak

Hamahirugarren urtez antolatu ditu arte udalekuak Oñatiko Udaleko Haur eta Gazteria Sailak, eta gaztetxoek aukera izango dute marrazkigintzan, eskulturan, margogintzan eta antzerkigintzan, besteak beste, aritzeko. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Bigarren Hezkuntzako 4. maila arteko gaztetxoei zuzendutako udaleku espezifikoak dira horiek, eta gaztelekua izango da topagunea. Horietarako izen-ematea ere udal webgunean sartuta egin behar da. Plazak mugatuak dira, eta, zozketa egin beharko balitz, kanpoan geldituko liratekeen umeek aukera izango lukete udaleku irekietan izena emateko.

Uda kanpaina

Udako kirol kanpaina ere eskainiko zaie gaztetxoei aurtengo udan. Udalekuetako epe berean eman beharko dute izena, Zubikoa kiroldegian, eta zozketa apirilaren 1ean egingo dute. Hiru txanda egongo dira kirol eskaintzan: ekainaren 29tik uztailaren 24ra, ekainaren 29tik uztailaren 10era eta uztailaren 13tik 24ra. Txanda bakoitzean gehienez hiru jardueratan eman daiteke izena, eta jarduera bakoitzean gehienez hiru ordutegitan. Izena zubikoakiroldegia.oñati.eus helbidean sartuta edo kiroldegiko harrera joanda eman behar da. Monitoreen kontratazio deialdia aste honetan publikatu dute udal webgunean.

Begiraleak eta monitoreak

Udaleku irekietan, arte udalekuetan zein uda kanpainan hezitzaile edo monitore lan egin gura dutenek martxoaren 16tik 29ra bitartean bidali beharko dituzte eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuan, posta-bulego batean edo Zubikoa kiroldegian. Udaleku irekietako begiraleentzako formazio saioak ekainean egingo dituzte

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak