Artzainaren omenezko eskulturaren eta San Martingo ermitaren "mantenu falta" salatu du EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko martxoaren 18a

Basterretxearen eskultura eta San Martingo ermita.

Udal Gobernuari eskatu dio "berehala jardun dezala pintaketak ezabatzeko, egungo paralisia eta utzikeria gainditzeko, eta kontserbazio eta mantentze lanak behingoz abian jartzeko".

Artzainari omenez Nestor Basterretxeak egin eta Urrintxon dagoen eskulturak eta San Martingo ermitak mantenu falta dutela salatu du EAJk prentsa ohar bidez. "Bi toki horiek ez dute behar bezalako zaintzarik eta mantentze-lanik jasotzen", diote. "Duela urtebete baino gehiago eskultura zaintzea eskatu bazen ere, ez da ezer egin horri buruz. Gauza bera gertatzen da San Martin ermitarekin, pintadaz estalita jarraitzen baitu, garbitu gabe", dio Amaia Erostarbe bozeramaile jeltzaleak oharrean.

Talde jeltzaleak adierazi duenez, udalerriko beste leku batzuetan "pintaketak garbitzea oraindik ere egiteke" dago eta kentzeko eskatzen dio Udal Gobernuari:  "Berehala jardun dezala pintadak ezabatzeko, egungo paralisia eta utzikeria gainditzeko, eta eskultura eta ermita kontserbatzeko eta mantentzeko lanak behingoz abian jartzeko, udalerriko espazioak egoera onean mantentzen direla eta gure tokiko ondarea errespetatzen dela bermatzeko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak