Belharra musika taldearen bluegrass doinuekin gozatzeko aukera domekan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko martxoaren 20a

Domekan Oñatiko gaztelekuan kontzertua egingo duen Belharra taldea. Argazkia: Aitor Etxaniz.

Oñatiko gaztelekuan izango da emanaldia, domekan,12:30ean; sarrerak, hamar eurotan eskuragarri.

Ameriketako Estatu Batuetako Apalatxe mendikateko landa-eremuan sortutako musika estiloa da bluesgrass izenekoa; domekan, 12:30ean hasita, Oñatiko gaztelekuan kontzertua egingo duen Belharra taldeak jorratzen duena, hain justu. "Ameriketara emigratu zuten irlandarrek sortutakoa da; hortaz, musika irlandarra du oinarri nagusi, tokiko beste estilo batzuen nahasketa badu ere, adituek diotenez. Bluesa, adibidez. Hortaz, esan dezakegu musika irlandarrak dituen melodia alaiak dituela, batetik, eta baita pixka bat ilunagoak diren blues aldeko pasarte batzuk ere", azaldu du Belharra taldeko kide Urbil Artolak.

Askotariko musika proiektuetan ari diren musikari eskarmentudunak batzen dituen seikotea da Belharra; Urbil Artolak honako hauek ditu taularen gainean lagun: Gorka Arranz –mandolina eta ahots nagusia–, Julen Maestro –akordeoi diatonikoa eta ahotsak–, Jon Arzelus –kontrabaxua–, Jose Mari Pulido –banjoa– eta Dani Venegas –gitarra akustikoa–.

Ingelesez lehen, euskaraz orain

2012an sortu zuten Howdy taldetik eratorritako taldea da Belharra, ahots-harmoniak eta musika tresnen arteko elkarrizketa eta erritmo biziak oinarri dituena. "Ingelesez kantatutako abestiak batzen dituen Hoowdy Bluegrass lana argitaratu zuten garai hartako taldeko kideek, eta, pandemia garaian kantu horiek guztiak euskaratu, taldea berrantolatu eta diskoaren bertsio digitala argitaratu genuen, Bandcamp plataforman entzungai dagoena", dio Artolak.

Lan hori izango da domekako kontzertuaren oinarria, beste hainbat kanturen bertsioekin osatutako errepertorioan. "Bluesgrass errepertorio orokorretik hartu eta euskaratu genituen kantu batzuk ere joko ditugu. Horiez gainera, orain dela urtebete Audience taldearekin Bilboko iazko Loraldia jaialdian egin genuen kontzerturako prestatu genituen Bob Dylanen kantu batzuk ere joko ditugu, euskaraz abestuta eta gure estilora ekarrita. Bluegrass estiloari fidel, gure kontzertuak erritmo indartsuekin hasten dira, erdialdean pixka bat lasaitu eta gora egiten dugu berriz. Hori guztia, bakarrak ez bagara ere, taularen gainean sarritan ikusten ez diren musika instrumentuak eskuetan ditugula".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak