Ganbara Faktoriako Aequus Ensemble orkestrako zuzendariak, Aitor Biain Bidartek, egin die ongietorria Jose de Azpiazu musika eskolako hainbat musikari gaztetxori goizean Santa Anan. Berak azaldu die orkestraren ezaugarriak zeintzuk diren, zer nolako instrumentuak jotzen dituzten eta zein ezberdintasun dauden, adibidez, orkestraren eta bandaren artean.
Azalpenak adi entzunda, instrumentuak identifikatzen hasi dira gaztetxoak; ezagunak zituzten asko, musika eskolan ikusi edo ikasi dituztelako. Identifikazio jolas horretan, instrumentuak eta animaliak lotu dituzte: animaliak instrumentuekin lotu lehenengo eta orkestrako musikariek pieza bat jotzen zutenean zein animaliari egokitzen zitzaion pieza esan behar zuten gero.
Instrumentuak gertutik ikusi eta ukitzeko, beste jolas bat egin dute: instrumentu baten izena idatzita zuen papertxoak banatu dizkie Biainek umeei, eta papera irakurri ostean instrumentu hori jotzen zuen orkestrako musikariarengana hurbildu behar ziren gaztetxoak, euren ondoan jarri eta gertutasun hori gauzatzeko.
11:00etan izan da ekitaldi pedagogikoa, Santa Anan. 12:00etan, Animalien inhauteria izeneko kontzertua egin du orkestrak antzokian bertan.
Hurrengoan, bandako instrumentuekin
Datorren apirilaren 19ko kontzertuan, gaur orkestrak egin duen antzerako ekimena egingo du musika bandak: bandan jotzen dituzten instrumentuak erakutsiko dizkiete musika ikasle gazteei.