Interes handia piztu du Adimen Gaitasun Handien inguruko berbaldiak

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko martxoaren 14a

Solasaldian zinema-aretoak zuen itxura.

Oñatiko Adimen Gaitasun Handiko Haurren Guraso Elkarteak antolatuta, 80 lagun baino gehiago elkartu dira goizean zinema-aretoan egin duten solasaldian. Gurasoak eta irakasleak zeuden entzuleen artean. 

GHauzatu du izena Oñatiko Adimen Gaitasun Handiko Haurren Guraso Elkarteak eta adibideekin eta esperientzia pertsonaletik azaldu dute gaiarekiko egon daitekeen jakin mina eta kezka. Aurkezpenaren ostetik, hiru lagunen arteko solasaldi moduan aurkeztu dute gaia: galderak eta egoerak planteatu bik eta bere esperientziatik erantzun hirugarrenak.

GHauzatu elkarteko kide diren eta berbaldian parte hartu duten Lourdes Sarasketa, Amaia Igartua eta Arantzazu Saiz.

80 lagun baino gehiago izan dira solasaldia jarraitzen Oñatiko zinema-aretoan eta arretaz eta egoera askorekin identifikatuta sentitu diren keinuak adieraziz jarraitu dute berbaldia. Izan ere, egoera ezberdinak aipatu dituzte eta askotan entzun edo egin dituzten galderak erantzun. Adibidez: nola antzeman daiteke adimen gaitasun handia duela umeak? zer egin hori baieztatzen denean? adimen gaitasun handia eduki eta ikasketetan arazoak izatea bateragarriak dira? etiketatu egin behar da ezaugarri hori? lagunekin ondo ikusiz gero, lasaitasunez hartu behar da hori edo landu egin behar da gerora, nerabezaroan, adibidez, arazo larriagoak ekar ez ditzan? genetikoa da, beraz komenigarria da gurasoek ere probak egitea, baina, nola eta non jaso formazioa familiak? ikastetxeetan badago formazio eta baliabide nahikorik ume hauei erantzuteko? ze ezaugarri dituzte?

Oso modu erakargarrian eta ulergarrian eman dituzte azalpenak eta bidea zabaldu dute egoera hori bizi duten familiak elkartzeko. Esan dutenez, orain arte familia askok euren modura, bakoitzak bere erara, egin behar izan dio aurre etxean adimen gaitasun handia duen kide baten edo gehiagoren egoerari: "Hori ulertzea, euren beharrak asetzea, emozioak kudeatzea... ez da erraza eta are zailagoa da bakarrik egitea". Horregatik, elkartearekin bat egin edo gaia lantzen jarraitu gura duten gurasoei eurekin harremanetan jartzeko gonbidapena egin diete, "taldean, saretuta, dena da errazagoa eta". Hauxe da elkartearekin harremanetan jartzeko bidea: ghauzatu@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak