Izaro Elorza alkatea, Iñigo Ruiz Hirigintza batzordeburua, Imanol Esnaola Gislaneko zuzendaria eta Ander Zangitu Hiritik Ateko kidea hizlari izan zituen aurkezpenaren helburua, herriaren egoera azaldu, zalantzak argitzea, eta epe motzean landu litezkeen ekintzen inguruko informazioa ematea izan zen.
"Etxeak eraikitzeko premiarik ez"
Herriaren egoera nolakoa den ezagutzeko diagnosia egiteko ardura izan du Gislan aholkularitzak. Askotariko datuak jaso dituzte, eta, hitzaldian adierazgarrienak aipatu zituen Gislaneko zuzendari den Imanol Esnaolak. "Joerak berdinean jarraituko balu, datozen urteetan herriak ez luke aparteko biztanleria igoerarik izango. 2040an, adibidez, soilik 190 biztanle gehiago leudeke. Gainera, azken urteetan, nabarmen hazi da Oñatiko etxebizitza parkea, 2010 eta 2023 urte bitartean, %9,2, 5.070 izatetik 5.538 izatera; EAEko eta Gipuzkoako batez bestekoetatik gora dago, alde esanguratsuarekin. Ostera, aldatuz doaz etxebizitza ereduak eta tamainak, bizikidetza unitate kopurua goraka badoa ere, kide gutxiagoz osaturikoak baitira orokorrean. Beraz, diagnostikoa oinarri, ez da etxe gehiago eraikitzeko aparteko premiarik ikusten", adierazi zuen Esnaolak.
Alokairuaren inguruan ere jardun zuen Gislaneko zuzendariak; gaur egun, 219 dira Etxebide etxebizitzaren euskal zerbitzuan erregistraturiko etxebizitza eskaerak, eta, horietatik, %83,1 dira alokairuari loturikoak: "Datu horiek esku artean, aurreikus daiteke sarrera ertain-altua duten herritarrek merkatu pribatuaren bidez lortu ohi dutela etxebizitza. Gainera, ikusten da Etxebideko eskaera gehienak alokairuari loturikoak direla, alde handiz, gainera. Etxebizitzaren auziari irtenbidea emateko ekintzak eta horiek nolakoak izango diren zehaztean, kontuan hartu beharreko datua da hori. Garrantzitsua da alokairuari begirako ekintzak bultzatzea". Aholkularitzatik emandako datuen arabera, azken urteetan, gora egin du Oñatin alokaturiko etxebizitza kopuruak: %5,7koa zen 2011n, eta, %9,1ekoa izatera igaro zen 2023an –434 etxebizitza alokairuan guztira –.
Hiru urteko ekintza plana
Gislan aholkularitzatik emandako azalpenen ostean, Hiritik At aholkularitzako kide den Ander Zangituk, hiru urteko epealdirako landutako ekintza planaren inguruko azalpenak eman zituen. "Gislanek egindako diagnostikoa zein Debagoiena mailan egindako lanketa ditu oinarrian ekintza planak. Etxebizitza politikak bere osotasunean lantzeko aukera eskaintzen du, alor edo estrategia bakar batera mugatu barik. Aberasgarria da hori. Hori bai, etxebizitzaren arazoa ezingo da egun batetik bestera konpondu, izan ere, gaurko egoera, azken 50 urteetan bultzaturiko etxebizitza politika okerren ondorioa da. Argi izan behar dugu hori. Finean, joera eta norabidea aldatu beharra dago, eta horretan lagunduko du ekintza planak, etxebizitza politikak bide onean jartzen, alegia", zioen Zangituk.
Ekintza planak hiru lehentasun izango ditu: "Etxebizitza hutsak mobilizatzea eta arrazoizko prezio zein baldintza duinetan eskuratu ahal izatea; herritarrei etxebizitza alorreko baliabide gehiago eta zerbitzu hobeak eskaintzea; eta etxebizitza politika egokiago eta eraginkorragorako, erakunde desberdinen arteko koordinazioa hobetzea". Lehentasun horiek kontuan hartuta, askotariko ekintzak proposatu dituzte etxebizitza planean, "auziari irtenbide integrala eta eraginkorra" emateko.
Etxebizitza, "lehentasun"
Oñatiko Udalak adierazi duenez, etxebizitzaren gaia "lehentasuna" da eurentzat. Hala zioen Izaro Elorza alkateak: "azterlanarekin eta ekintza planaren lanketarekin jardun dugu azken urteotan: lehenik, Debagoiena mailako lanketa egin genuen EH Bildutik, eta, ostean, Oñatiren inguruko azterketa zehatza egin dugu Gislan eta Hiritik Atekin. Oñati gune tentsionatu izendatzeko tramite administratiboak ere hasi ditugu berriki. Beharrezkoa da auziari herriko errealitatera egokituriko irtenbide eraginkor eta integralak ematea, eta, eskumena zuzenean udalona ez bada ere, prest gaude ditugun mugetatik eta elkarlanetik, auziari irtenbidea emateko lanean jarraitzeko".
Hirigintza batzordeburuak bestalde, auziak politiken norabidea "aldatzea" eskatzen duela argudiatu zuen: "Berretsi da azken urteetan etxebizitzaren alorrean egindako politikak ez direla eraginkorrak. Egungo egoera da horren erakusle. Auziak irtenbide integral bat eskatzen du, ondo landutakoa. Ideia horrekin egin da gaur aurkezturiko ekintza plana".
Amaitzeko, etxebizitzak alokairuan jartzeko, etxejabeentzat lagungarri diren programen berri emateko saio informatiboak egingo direla aurreratu zuen alkateak.