2019an abiatu zuten Aitor Atxak (abeslaria), Pello Uriartek (gitarra-jolea), Iñigo Blazkezek (baxu-jolea) eta Beñat Elorzak (bateria-jolea) Oñatiko Lee-Kore taldea, eta ondoren batu zen Aritz Iza (gitarra-jolea). "Metalcorea egiten zuen Broken Legacy taldeko kideak ziren Pello eta Aitor, eta, hardcore estilora gehiago hurbiltzen ziren kantuak sortzeko gogoz, kantu gogorragoak konposatzen hasi ziren. Beñatekin eta Iñigorekin elkartu, eta hala sortu zuten Lee-Kore. Urte berean Gorrotoaren hazia erein da diskoa argitaratu eta kontzertu batzuk egin ondoren, taldera batu nintzen ni", azaldu du Aritz Izak.
Maitasuna ta askatasuna bilduma argitaratu zuten 2024an, eta Zumaiako Hoben taldearekin Antifa Hardcore izenekoa iaz; bada, laugarrena kaleratu berri du Oñatiko boskoteak, Zauria izena duena.
Zazpi kantu berri
Antifa Hardcore bilduma grabatu zuten Zumaiako Ozen Estudioan oso gustura egon ziren, eta, emaitzarekin pozik, toki berean grabatu dute, Jurgi Taboadaren gidaritzapean, lan berria. Euskaraz abestutako zazpi kantu gogor dira, gaztelera eta errusiera ere entzuten bada ere. "Bellako taldeko Rober katalanak GURS kantuan kolaboratu du eta gazteleraz kantatu du, baina euskaraz ere bai esaldi batzuk, eta ondo moldatu da. Eta Sovetskiy Partizan kantuan, errusiarrez mintzatzen ez dakigun arren, esaldi pare bat hala kantatu ditugu".
Hardcore doinuak ardatz, "ahotsik ez dutenen bozgorailu" izan gura du Oñatiko taldeak, eta bide horretatik doaz bilduma berriko hitzak ere. "Kritika soziala da gure hitzen oinarri, eta musika talde politikotzat daukagu geure burua. Konpromiso soziala daukagula deritzogu, eta oso lotuta gaude horrekin. Hala ere, politikari eta historiari buruz berba egiteaz gainera, introspekzio sakonen fruitu izan diren pintzelada sentimentalak ere badauzka gure azken lanak".
CD formatuan, bost eurotan
Martxoaren 3an argitaratu zuten Zauriak CD formatuan, aldez aurretik, aurrerapen moduan, bi bideoklip –GURS eta Zauriak–argitaratu ondoren. "Data egokia iruditu zitzaigun, darabilzkigun aldarriekin bat datorren eguna zelako, Gasteizko erailketa faxistak gogora ekarriz bizia eman zutenak omentzeko asmoz. Oñatiko Boga tabernan eta kontzertuetan duzue eskuragarri, bost eurotan, eta baita geratzen zaizkigun kamiseta gutxi batzuk ere. Ohiko plataforma guztietan ere entzungai dago gure lana".
Kontzertuetarako "gogotsu"
Zumaiako Torreberri gaztetxean egingo dute bihar, zapatua, kantu berriekin lehen aurkezpen kontzertua, eta apirilaren 25ean Oñatin joko dute. "Horiez gainera, beste hainbat kontzertu ere lotuta ditugu dagoeneko; horrenbestez, adi egon gure Instagrami".