Unibertsitatearen fatxada nolakoa izango den erabakitzeko lanak egiten ari dira

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko martxoaren 12a

Sarreraren ondoko paretan ari dira probak egiten.

Jatorrizkoaren alde eginez gero, ez da harririk ikusiko, raseatuta egongo da pareta eta elementu deigarriak egongo dira nabarmenduta. Sarrerako eskumako paretan ari dira tratamendu ezberdinak probatzen, adibidez. 

Oñatiko Santic Spiritus unibertsitatearen fatxada eraberritzeko lanetan, etorkizuneko fatxadari ze tratamendu eman ari dira probatzen orain. Sarrera nagusiko eskuineko paretan raseatu ezberdinak egin dituzte, adibidez, eta orain lehortzeko zain daude, gero unibertsitateak izango duen itxura hori izango den edo ez erabakitzeko. Egun gutxi barru hartuko dute erabakia.

Jatorrizko fatxadaren alde

Urtarrilaren 13an, duela bi hilabete, hasi zituzten fatxada birgaitzeko lanak eta orduan argi esan zuten fatxadaren jatorrizko itxura berreskuratu gura zutela, eta ondorioz, posible litzatekeela azken hamarkadetan ezagutu izan dugun harrizko fatxadak aldaketak izatea; izan ere, eraiki zutenean, diseinua ez zen horrelakoa. "Hainbat simulazio egin ditugu, eta ikusi dugu komenigarria dela jatorrizko egoera historikora itzultzea. Batetik, arrazoi estetikoagatik, fatxadan landuta dauden zati garrantzitsuei duten balioa emateko. Eta bestetik, zorroztasun historikoagatik. Baliteke duela hainbat hamarkadatatik ohituta gauden itxurarekiko aldaketa nagusiena hor ikustea", azaldu zuen urtarrilean proiektua egin duen enpresako Fernando Tabuencak. Orain ari dira proba horiek egiten. Fatxadako zati bat raseatu egin dute, sarrera ondokoa hain zuzen ere, eta ondo lehortu osteko emaitza aztertuko dute gero, fatxada berriaren itxura nolakoa izango den erabaki aurretik.

Birgaitze proiektua egin duen Tabuenca & Leache Arquitectos enpresako Tabuencak azaldu moduan, XIX. edo XX. mendetik hona hartu zuen indarra eraikinen fatxadetan harlangaitza edo landu gabeko harria ikusteko joerak. Aurretik, zuriak ziren eraikinak elementu apaingarriak deigarriagoak egiteko.

Behin eraberritze lanak bukatuta Oñatiko unibertsitatearen fatxada raseatuta eta harriak apaingarrien edo landutako harrien ondoan bakarrik izanez gero, inpaktua eragingo du irudi horrek, eraikin osoak izango luke-eta itxura hori, eta orain arte harri guztia egon da bistan.

Fatxadaren jatorrizko itxura berreskuratu gura dutela jakin arren, oraindik ez dute erabaki, zehazki, nolakoa izango den. Orain egiten ari diren lanen emaitzek lagunduko diote obra proiektuaren arduradunari, Gipuzkoako Aldundiari, erabaki hori hartzen. Bertako iturrien arabera, egun gutxi barru gerta daiteke hori.

Karea zementuaren ordez

Bitartean, fatxadako harriak elkartzeko erabili izan den zementuzko morteroa kentzen ari dira langileak aldamioekin eta sarearekin tapatuta dagoen XVI. mendeko eraikinean. Hori kenduta karezko. morteroa erabiliko dute harrien elkartze hori egiteko. Izan ere, zementuzko morteroak ez du uzten horma barruko hezetasuna ateratzen eta harriak hobeto arnasten du karearekin. Elementu eskultorikoen garbiketa, berriz, eskuila txikiekin, eskuz, ari dira egiten, suabe.

Bestalde, 2025eko uztailean tximista batek jota behera erori eta apurtu zen teilatuko irudia berregin egingo dute eta erreplika originala zegoen tokian jarriko. Hala, aldamioak eta sarea kentzen dituztenean irudi berria jarrita dagoela ikusiko da. Jatorrizkoaren harriak unibertsitatean egongo den Turismo Bulego berrian jarri gurako lituzke ikusgai Aldundiak.

Lan denak esleituta 

Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentua ari da unibertsitateko eraberritzea gidatzen, Ondare Historiko-Artistikoko sailarekin. Lehen faseko lanak bi zatitan banatu dituzte: lehenengoan fatxadetan, teilatuan eta estalkietan esku-hartuko dute; bigarrenean, Turismo Bulego berria, larrialdietako eskailerak eta igogailua egingo dituzte. Hain zuen ere oraintxe esleitu dizkiote lan horiek Valuarte-Inmeva UTEari. Lanak 907.355,32 eurotan eta bost hilabetetan egingo ditu. Lehen zatikoak Teusa Tecnicas de Restauracion enpresa ari da egiten 2.204.211,55 euroko aurrekontuarekin. Irailean amaitu gura dituzte obra horiek. Europako Next Generation funtsetik lortutako hiru milioi euro erabiliko dituzte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak