Bi helburu ditu sortu berri den Oñatiko Adimen Gaitasun Handiko Haurren Guraso Elkartea, GHauzatu: batetik, adimen gaitasun handiak zer diren gizartean azaltzea; eta, bestetik, haien beharrak aseko dituzten ekintzak aztertu eta ikastetxeekin batera lantzea. Taldea aurkezteko eta dituzten kezken inguruan berba egiteko, hitzaldia antolatu dute datorren asterako: martxoaren 14an izango da, 11:00etan, kultura etxean.
Ulertu eta beharrak ase
Adimen Gaitasun Handiak dituzten haurren gurasoen elkartea da GHauzatu, eta ume horien egoera ez dela gizartean askorik erakusten diote, eta horri buruz berba egin gura dute, errealitate hori ikusarazi gura dute. "Ikasteko erraztasuna, talentua ala gaitasuna izateak eskoletan erraztasunak izatearen berdina dela uste da, orokorrean. Baina abilezia horiek ingurukoengandik urruntzen gaituzte askotan. Eta haurren kasuan, batez ere, zaila izaten da egoera horiek kudeatzea; adibidez, emozio mailan. Ez dakite zer gertatzen zaien". Gaineratu dute "haur haiek ulertu eta euren beharrak ase" behar dituztela, baita ikastetxeek ere. Horrela, gai hori ere izango dute hizpide martxoaren 14ko hitzaldian.