Sei kontzertu eskaini ohi ditu Oñatiko musika bandak ikasturtean zehar eta horietako bi izaten dira familiei eta gaztetxoei propio zuzendutakoak. Hain zuzen ere hurrengo biak izango dira emanaldi horiek; hurrengo bi hilabeteetakoak.

Martxoko kontzertua domekan izango da, hilak 15, eta Oñatiko musika bandako kideekin batera, Irungo Ostomila Txotxongilo Taldeko bi kide izango dira; musika egingo dute batzuek eta ipuin bat kontatuko dute besteek. "Zezengorrik gordetzen duen altxorra lapurtuko du deabrutxo batek eta Alaia galtzagorria altxorraren bila abiatuko da. Bidean, Euskal Herriko mito, ohitura eta pertsonaia ezberdinak ezagutuko ditu. Txotxongiloek kontatuko dute ipuina, eta pertsonaia nagusiak agertu aurretik musika joko dugu guk, umeek musikarekin pertsonaiak identifikatu ditzaten", azaldu du goizeko prentsaurrekoan bandako zuzendariak, Aitor Biainek.
Emozio txikiak du izena domekako kontzertuak, eta euskal kantuak entzungo dira. 50 bat minutu iraungo ditu eta ohikoa den moduan, 13:00etan izango da, Zubikoako frontoian.
Apirilean, instrumentuak gertutik ezagutzen
Bandako presidente den Ion Astigarragaren esanetan "plazer bat" izaten da eragile ezberdinekin batera lan egitea eta kontzertuak eskaintzera. Martxoko emanaldian, banda gazteko kideak izango dituzte ondoan; 75 bat musikari egongo dira guztira. Apirilekoan, berriz, musika eskolako ikasleak.

Apirilaren 19an, Emozioak Zimmer-ekin izeneko kontzertua egingo du musika bandak eta Zimmer konposatzaileak hainbat filmetako egindako piezak joko dituzte, hala nola, The lion king, Gladiator edo Kung Fu Panda filmetakoak.
Kontzertu hori ere 13:00etan hasiko da, Zubikoan, baina ordubete lehenago, 12:00etan, Jose de Azpiazu Musika Eskolako ikasleekin saio pedagogikoa egingo dute; bandako instrumentuak erakutsiko dizkiete musika mugimenduko ikasle gaztetxoei. "Eskerrak eman gura dizkiogu beste behin musika bandari horrelako kontzertu bat antolatzearren. Guk ere, musika eskolan, erakusten diegu bai musika eta bai musika instrumentuak, baina musika ikasi bakarrik ez, bizi egin behar da eta horrelako ekimenek horretarako aukera eskaintzen dizkigute. Hemen musika banda barrutik entzungo eta biziko dute umeek eta hori ikaragarria da", adierazi du musika eskolako irakasle Arantzazu Bikuñak.

Kontzertu horretan, gainera, musika eskolan instrumentua aukeratuko duten ikasleek lehen lerrotik, 0 aulkitik, jarraitu ahal izango dute emanaldia.
Sarrerak salgai daude
Domekako kontzerturako sarrerak dagoeneko salgai daude Txokolateixan eta udal webgunean, hiru eurotan. Apirilean egingo dena doan izango da baina gonbidapena eskuratu beharko da aurretik; hamabost egun lehenago jarriko dituzte eskura Txokolateixan.