Bost atxilotu Oñatin, herriko enpresa batean lapurreta egiteagatik

Txomin Madina Milikua 2026ko martxoaren 8a

Ertzaintzak bost gizonezko atxilotu zituen atzo eguerdian Oñatin, indarra erabiliz herriko enpresa batean lapurreta egitea leporatuta. 19 eta 48 urte artean dituzte atxilotuek eta Ertzaintzako iturriek adierazi dute polizia-aurrekari ugari dituztela, batez ere ondarearen aurkako delituengatik.

19 eta 48 urte arteko bost gizonezko atxilotu zituzten atzo, larunbata, Oñatiko enpresa batean lapurreta egiteagatik.

Ertzaintzatik azaldu dutenez, eguerdian poliziak Oñatiko enpresa batera joateko eskaria jaso zuten, zenbait pertsona bertako instalazioetatik materiala lapurtzen ari zirela esanaz. Bertaratutako patruilek ibilgailu bat ikusi zuten lantegitik urruntzen. Autoa geldiaraztean barruan zeuden bost bidaiariak identifikatu zituzten; Ertzaintzaren arabera, guztiak gizonezkoak eta espainiar nazionalitatekoak. Auto barruan metalezko hainbat pieza eta altzairu herdoilgaitzezko objektu batzuk aurkitu zituzten agenteek, baita  lapurretak egiteko erabiltzeko moduko erremintaren bat edo beste ere. Horren  aurrean, susmagarriak atxilotu egin zituzten indarrez lapurreta egitea leporatuta.

Gero, enpresako segurtasun-kameretako irudien bidez ikusi ahal izan zuten pertsona horiek perimetroko hesia hautsi zutela eta autoan aurkitu zuten materiala lapurtzera sartu zirela barrura.

Ertzaintzako iturriek adierazi dute atxilotuek polizia-aurrekari ugari dituztela batez ere ondarearen aurkako delituengatik. Dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren jarriko dituzte epailearen eskuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak