Martxoak 8 (2026)

Olakua auzotik abiatuko da Martxoaren 8ko manifestazioa, etzi, domeka

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko martxoaren 6a

Joan den urtean egindako elkarretaratzea, Olakuan (Argazkia: Lagun Leku).

12:30ean hasiko da eta ekitaldi musikatua egingo dute amaieran plazan. Bazkaria eta kontzertua ere egongo dira domekan, bazkariaz gain. Astelehenean, berriz, emakumearen eta zientziaren inguruko solasaldia.

Domekan egindako emakume artisauen azokarekin eman zitzaien hasiera Oñatiko sare feministak Martxoaren 8aren bueltan antolatutako ekimenei, eta jarraipena izango dute horiek domeka honetan. Elkarretaratzea, manifestazioa, bazkaria eta bingo musikatua dituzte antolatuta, esaterako. Emakume erreferenteen argazkiekin osatuko duten erakusketa ere asteburuan zabalduko dute. Hilabete osoan egongo dira argazkiak ikusgai, komertzioetan.

Hilabete osoko erakusketa

Aurten, Olakua auzotik abiatuko da manifestazioa, 12:30ean. Lagun Leku elkarteak eguerdian egingo du hango aisialdi-gune berriaren ondoan elkarretaratzea, urtero moduan. Eurekin bat egin eta manifestazioa handik abiatzea pentsatu dute aurten Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko lanean aritu direnek, eta horrelaxe egingo dute. Egun horretarako adostuta dagoen mezua izango da horren leloa ere: Beste mundu bat feminismotik. Zapalkuntza-sistemen aurrean: antolakuntza eta borroka. Herriko kaleak zeharkatu ostean, musika emanaldiarekin bukatuko da, plazan. Ostean, elkarrekin bazkaltzeko elkartuko dira, gaztetxean.

Erakusketarako herritarrengandik jaso dituzten erreferentziazko emakumeen argazkiak ere asteburu honetan jarri gura dituzte ikusgai, ekimenera batu diren Txandako dendetan. Herritarrek aurkeztu moduan erakutsiko dituzte, bakoitzak bidali duen tamainan eta jarri dion testuarekin. Hori ere herritarren aukeran jarri du sare feministak, eta baliteke argazki batzuk idatzirik ez izatea ondoan. Argazkiak hilabete osoan egongo dira ikusgai erakusleihoetan.

Udalaren atxikimendua

Udalak bat egin du sare feministak Martxoaren 8rako antolatu dituen ekitaldiekin, eta herritarrak animatu ditu horietan parte hartzera. Udalbatza osatzen duten alderdi biek egunari lotutako adierazpen instituzional bateratua onartu dute; Izaro Elorza Arregi Berdintasun batzordeburuak eta batzordeko kide Itziar Alonso Agirrek irakurri zuten, otsaileko osoko bilkuran. Landu beharreko konpromiso batzuk jaso zituen adierazpenak; horien artean, erresistentzia-aliantzak sustatzea talde feminista eta tokiko beste eragileekin, "jarrera antifeministak identifikatu, salatu eta eteteko" eta baliabideak eta egiturak zaintzea eta babestea, "gure udalerrian berdintasun-politikek aurrera egiten jarrai dezaten".

Musika eta zientzia

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, musika emanaldia eta zientziaren inguruko solasaldia egongo dira Oñatin datozen egunetan. Domekan, Hots abesbatzak Emakumeek idatzia kontzertua egingo du. Urtero, "emakumeek gizartean egin duten ekarpena ikusgarri egitea eta kolektibo jakin bati aitortza publikoa eskaintzea" du helburu emanaldi horrek, eta aurtengoak andereñoei egin gura die aitortza, "belaunaldiz belaunaldi hezkuntzaren, hizkuntzaren transmisioaren eta zaintzaren bidez komunitatea eraiki duten emakumeei", Aitor Biain Bidarte zuzendariak azaldu duenez. Lau bloke izango ditu eta batetik besterako narrazioa Arrate Kortabarriak egingo du; pianoan, berriz, Amaia Zipitria egongo da. Kontzertua Santa Anan izango da, 18:00etan.

Astelehenerako, emakumeak eta zientzia lotuko dituen solasaldia antolatu du Elkar Hezik. Ane Blazquez Garcia eta Miren Zubeldia Plazaola oñatiarrek zientziaren eta ikerketaren munduan izandako ibilbidea, bizipenak eta erronkak kontatuko dituzte. Hitzaldiaren helburua "zientziaren mundua gerturatzea eta emakumeek arlo horretan duten eginkizunari balioa ematea da, inspiragarriak izan daitezkeen emakume erreferenteak" ezagutzeko aukera eskaintzeko, Elkar Heziko kideek azaldu dutenez. Solasaldia irekia izango da herritar guztiendako, zinema-aretoan, 15:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak