Etxebizitzaren inguruan Udal Gobernuak "planak besterik ez" dituela salatu du EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko martxoaren 6a

EAJko udal taldea: Itziar Alonso, Xabier Mugarza, Amaia Erostarbe, Angel Mari Biain eta Eva Gayubo.

Jeltzaleek adierazi dute ohar bidez Udal Gobernua ez dela "benetako konponbideak planteatzen ari udalerriko etxebizitza eskaera gero eta handiagoari irtenbidea
emateko", eta gaineratu eurek erosteko zein alokatzeko proposamenak egin dituztela.

Oñatiko Udalako talde jeltzaleak salatu du ohar bidez EH Bilduren Udal Gobernuak "ekintza falta" duela etxebizitzaren gaiari dagokionez. Diote "planak baino" ez dituela Udal Gobernuak, "ez dela lanean hasi, ez aurrekontuetan, ez fiskalitatearen bidez, eta ez direla benetako konponbideak planteatzen ari udalerriko etxebizitza eskaera gero eta handiagoari irtenbidea emateko. Planak eta plan gehiago besterik ez dago".

Etxebizitza eskaintzaren "arazo larria" dagoela Oñatin ikusten dute jeltzaleek: "Malgutasuna eta neurri eraginkorrak behar ditugu eraikuntza, erosketa eta alokairua sustatzeko", dio jeltzaleen udal bozeramaile Amaia Erostarbe Letamendik oharrean. Horri lotuta, eurek egindako proposamenak ekarri dituzte gogora: "hobari fiskalak zabaltzea eta prezio eskuragarriko baldintzak aplikatzea ekimen horiekin bat egiten duten jabeentzat". Zehazki, "merkatu librean alokairuko etxebizitzetarako OHZren %50eko hobaria ematea, eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) doitzea, alokairura bideratutako etxebizitzen erreformak errazteko". Etxebizitza berriak egiteko, berriz, "Obispo Otadui –Kurtideria– bezalako lurrak erosteko aukera planteatu du, non 60 etxebizitza arte eraiki daitezkeen". Italde sustatzailearekin batera "etxebizitzen eraikuntza gidatzea eta bultzatzea" ere proposatzen du EAJk, "Kurtzekuan gutxienez hamabi etxebizitza eraikitzeko aukera baitu, legez dagokion eraikigarritasun ehunekoan oinarrituta".

Proposamen horiek ez zirela onartu aurtengo aurrekontuan sartzeko gogorarazi dute eta lanean jarraituko dutela gaineratu,  "horiek inplementatzeko, udalerriko etxebizitza krisiari aurre egiteko funtsezkoak" direla iritzita. "Premiazkoa da Oñatiko etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko jardutea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak