Ez dira ikasketa ohikoenak gaur egun; nolatan hasi zinen?
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu ostean argi nuen ez nuela nahi egunero pareta artean egon. Betidanik izan dut landareekiko eta basoekiko interesa. Basozaintza egin nahi nuen hasieratik, baina, erdi-mailako zikloa euskaraz egiterik ez zegoenez, batxilergoaren eta lorezaintzaren artean aukeratu behar nuen. Bada, alferrikakoa iruditzen zitzaidan batxilergoa egitea, ostean basozaintzako modulu bat egiteko. Lorezaintzara sartu nintzen eta asko gustatu zitzaidan; basozaintza ere oso-oso polita iruditu zait.
Lehen sektoreari lotutako errelebo faltak beldurtzen zaitu?
Ezetz esango nuke. Uste dut bagaudela lehen sektorean lan egin nahi dugun gazte mordoa, eta, gainera, horretarako ikasi dugunak. Beldurra ematen didate nekazaritzan dauden lan-baldintza eskasek. Basoan langile asko dabiltza ez direnak gutxieneko baldintzetara iristen: kontratu gabe lanean, oso soldata baxuarekin eta ordu asko sartzen... Lan-baldintzak duintzen diren momentuan askoz jende gehiago egongo da lehen sektorean lan egiteko prest.
Zerikusi gutxi du aisialdian egiten duzunarekin.
Egia da batak eta besteak ez dutela zerikusi handirik, baina uste dut biek egiten dutela bat. Basozaintzak ematen dit naturarekiko harremana, eta bertsoek eta bakarrizketek, aldiz, sormen prozesua, bizitza ikusteko beste modu bat, eszenatokiko dopamina…
Etxetik datorkizu bertsolaritzarako grina, ezta?
Etxetik ez dakit, baina egia da anai-arreben erruz edo eurei esker datorkidala. Umetan, kantuan ikusten nituen, eta gustatzen zitzaidan eurak imitatzea. Ostean, modu kontzientera eramanda, egia da eurekin batera hasi naizela, baina, hasieran, ume baten inozentziatik eta inkontzientziatik hasi nintzen.
Nolatan hasi zinen bakarrizketetan?
Txikitan antzerkian hasi nintzen, Irazan antzerki taldean. Obraren bat edo beste egin eta gero, banandu egin ginen, ikasketa kontuengatik. Arantza bat gelditu zitzaidan. Urtebete neraman arantza kentzeke, eta orduan antolatu zuen GKSk Guda Zelaia ekimena. Anaia etorri zitzaidan esanaz ezin zutela emakumezkorik lotu bakarrizketak egiteko, eta ea prest egongo nintzatekeen. Hasieran ezezkoa esan arren, lotsa handirik ez dudanez aurrera egin nuen. Gerora, Asier K bakarrizketariak esan zidan Gernikako saio batera joateko harekin, eta, ordutik, inkontzienteki, leku batetik bestera joaten hasi nintzen, gaur arte.
Gustua hartu diozu, ezta?
Gustua hartu diot, nahiz eta batzuetan emanaldi eskasagoren bat amaitu eta neure buruari hitzeman diodan ez dudala berriro egingo. Baina gero, beste plaza batetik idazten didatenean, ez dakit ezetz esaten eta berriro erortzen naiz tranpan.
Zer iruditzen zaizu zailagoa, bertsoa inprobisatzea ala jendeari barre eginaraztea?
Oso gauza ezberdinak dira. Bakarrizketek ere badute inprobisaziotik, eta jendeak barre egitea ez dago beti norbere esku. Biek dituzte euren alde txarrak eta onak; ezingo nuke bakarra aukeratu.
MOTZEAN
Janari gustukoena? Kroketak arrautzaz beteta.
Bertsolari bat? Nerea Ibarzabal.
Bertsotarako plaza bat? Ezin da aukeratu.
Abesti bat? Natxo de Feliperen eta Olaia Inziarteren Zenbat okupatzen du.
Poteoan edateko zer? Garagardoa.
Oñatiko toki bat? Antixena gaztetxea.