Ramadan hilabetea hasi bezperan, martitzenean, hartu du GOIENA Nasir Iqbalek (Gujrat, Pakistan, 1991), Oñatiko Kale Zaharrean duen eskuko telefonoen dendan.
Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?
Hona iritsi arte, ikasten aritu nintzen. Txikia nintzenean, eskolara joan, eta 13:00 aldera amaitzen genuen. Etxean bazkaldu, eta 17:00etan, kriketean aritzeko elkartzen nintzen lagunekin. Etxean telebista bat geneukan. Ez genuen eskuko telefonorik; etxeko telefono finkoa soilik. Nire aitak deitzen zuenean, txandaka hitz egiten genuen harekin.
Nolakoa da Gujrat?
Hiri arrunta da, oso laua. Hiriburua, Islamabad, ordubete pasatxora dago, gertu. Han mendiak hasten dira.
Zergatik joan zinen Pakistandik?
Etorkizun hobea izateko eta lan egiteko. Aita Espainian zegoen, eta familia berrelkartze bidez etorri nintzen. Bakarrik etorri nintzen. Nik 17 urte nituen Espainiara heldu nintzenean. Logroñora iritsi nintzen 2010eko maiatzean. 2017ra arte egon nintzen han. Zaragozara joan nintzen baita ere lanera. Oñatira etorri aurretik, leku askotan egon naiz. Oñatin lau urte daramatzat.
Euskal Herrira nola heldu zinen?
2012an Laudiora joan nintzen lanera. Ia urtebetez egon nintzen. Euskal Herria beste probintziak baino hobea iruditu zitzaidan. Mendia gustatzen zait. 2017an nire lana amaitu nuen eta Gernikara joan nintzen. 2021era arte han egon nintzen, eta handik Oñatira etorri nintzen. Euskal Herrian zortzi bat urte egin ditut.
Zergatik Oñatira?
Gernikan egon nintzenean, eskuko telefonoen munduan lan egiten ikasi nuen nire osabaren dendan. Saltoki baten bila hasi nintzen, eta jendearen bitartez jakin nuen Oñatin batek denda saldu nahi zuela, eta 2021ean hartu genuen. Ordutik, hemen nago.
Euskal Herrira iritsi zinenean zerk harritu zintuen?
Ni Errioxan bizi izan nintzen, eta harekin alderatuta oso ezberdinak dira. Hau oso berdea da, mendiak daude. Eguraldia ere ezberdina da, eta hemengoa gehiago gustatzen zait.
"15 urte egingo ditut jaioterritik kanpo, eta dagoeneko ohitu naiz hemen bizitzera"
2010ean irten zinen lehendabizikoz Pakistandik; nolakoa izan zen Europarekin iza zenuen lehenengo kontaktua?
Hizkuntzarik ez nekien. Bi bizimodu guztiz ezberdinak dira. Hemen bizpahiru hilabete neramatzala, liburuak erosi zizkidan aitak, gaztelania etxean ikasteko. Maiatzean heldu, eta azarora arte ez nintzen eskolan hasi. Orduan, ahal nuena, oinarrizkoa ikasi nuen nire kasa hasierako sei hilabeteetan.
Zailtasunik izan duzu?
Oñatin pisu bat alokatzea oso zaila da. Alokatu nahi dut zerbait, baina ez dut ezer lortzen. Bestela, orokorrean, ondo. Ez dut inolako arazorik izan. Ondo hartu naute hemen.
Mantentzen duzu ohiturarik?
Bi festa nagusi ditugu urtero, eta ospatzen ditut. Bata, ramadana; hilabetez ezin dugu jan eguzkia ateratzen denetik ezkutatzen denera arte. Hemen inguruan ere badaude meskitak. Jaieguna denean, otoitz egiten dugu han, eta familiarekin elkartzen gara jateko. Bestea Arkumearen Festa da; goizean otoitz egiten dugu eguerdi-arratsean, bazkaldu.
Erlijioak zer-nolako presentzia du zure bizitzan?
Ez naiz oso praktikantea. Jaiki, eta dendara etortzen naiz. Egunero egin behar izaten da, baina egubakoitzak izaten dira egunik garrantzitsuenak.
Erraza da atzerritarra izatea?
Alde batetik, bai. Hona etorri naiz, baina familia bat daukat Pakistanen, eta haiek zaindu eta lagundu egin behar ditut. Haiek gabe bizitzea ere zaila da. Nire nebak han daude, nire ama ere bai. Aita eta biok gaude hemen lanean.
Elkarrizketa atzeratu egin behar izan dugu, proposamena egin nizunean Pakistanen zeundelako; sarri joaten sara bisitan?
Urtero joaten naiz, hilabete pasatzera. Lehen, bizpahiru hilabeterako joaten nintzen, baina orain, denda dudanez...
Zer igartzen duzu faltan?
15 urte egingo ditut jaioterritik kanpo, eta ohitu egin naiz hemen bizitzera.
Bi bizitoki dituzu?
Ezin diot hara joateari utzi, baina han nagoenean, badakit ez naizela han biziko. Nire etorkizuna hemen dago.
Zer esango zenioke Pakistan uztea pentsatzen ari den horri?
Ez dadila joan bere etxea, lo-lekua, zein izango den jakin gabe. Hobe da lehendabizi zerbait aurkitzea, gero arazorik ez izateko.
Euskaldunak lagunkoiak direla dio
Orain arte, euskara ikasteko denborarik ez du izan Nasir Iqbalek, goizean goizetik arratsaldeko azken ordura arte denda zabalik izaten duelako. Dena den, badu asmoa ikasten hasteko, oso garrantzitsua iruditzen zaiolako, herrian gehienek menperatzen dutelako. Euskaraz hitz egiten ez badaki ere, badaude zenbait hitz ulertzen dituenak: "Bezeroek dendara etorri eta zerbait euskaraz esaten badidate, ulertzen dut; neuk hitz egin, ez".
Euskaldunez berbetan
Euskaldunak nolakoak diren galdetuta, adierazi du oso lagunkoiak direla: "Leku askotan egon naiz, eta jendea alderatuta hemengoak ezberdinak dira. Asko laguntzen dizute. Norabait joan behar baduzu, bertaraino laguntzen dizute. Oso jatorrak dira. Hemendik hori gustatzen zait gehien".