Sailkapeneko goiko postuei begira jarraitu nahi dute senior neskek

Julen Murua Mesonero 2026ko otsailaren 25a

Construcciones Ugarte Aloña Mendi taldeko kideak.

Sailkapenean bi puntu gorago dagoen Elgoibar taldearen bisita jasoko dute, egubakoitzean, 20:00etan hasita, Zubikoa kiroldegian.

Denboraldi ezin hobea egiten ari dira senior mailako neskak Euskadiko txapelketan. Iazko denboraldian igoera lortu ostean, Euskadiko talde onenen artean daudela erakutsi dute Pablo Garciaren jokalariek, eta hori bera berretsi gura dute egubakoitzean, 20:00etan hasita, Elgoibarren aurkako partiduan. Azkenengo bi partiduak irabazita, bolada onean daudela jasoko dute elgoibartarren bisita, Zubikoan.

Taldea, gogotsu

Seigarren daude sailkapenean oñatiarrak, eta laugarren, berriz, egubakoitzean aurkari izango duten taldea. Sailkapeneko lehenengoak zuzenean lortuko du igoera faserako txartela; hurrengo lau taldeek, berriz, txapelketa txiki bat jokatu beharko dute, igoera faserako bigarren txartela lortzeko. Hori horrela, "partidu garrantzitsua" dela dio taldeko kapitain Amaia Kortabarriak: "Gure hasierako helburua maila mantentzea zen, eta, hori lortuta, taldeak hazten jarraitzea da asmoa. Joaneko partidua galdu egin genuen, eta ez zen izan gure egunik onena. Hortaz, jokalari guztiak gogotsu eta motibatuta gaude horri buelta eman eta partidu ona egiteko; are gehiago, etxean jokatuta".

Zaleen babesaren beharra

Ezohiko ordutegian jokatuko dute txantxikuarrek Elgoibarren aurkako partidua, eta, hortaz, "Zubikoa jendez lepo betetzea" eskatu du klubak. "Taldeak denboraldian izango duen partidu garrantzitsuenetako bat jokatuko du, eta taldeari merezi duen bultzada ematera animatzen zaituztegu!", gehitu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak