Oñatiko Udalak eta Oñatiko Musika Banda Elkarteak sinatutako lankidetza hitzarmen honekin, "musika Bandak urteetan musikaren eta kulturaren alde egindako eta egiten ari den lan oparoa eskertu" du Oñatiko Udalak, eta "harekin elkarlanean jarraitzeko borondatea" azaldu. Oñatiko "kultur sorkuntza eta musika programazioa aberastea, musika komunitatearen garapena sustatzea, musika tradizional eta garaikideen berreskuratzea bultzatzea, eta, musikaren esparruan, Oñatik beste herri eta lurralde batzuekin dituen harremanak sendotzea" ere gura du Udalak hitzarmen honekin.
Oñatiko musika bandak 60 lagun inguru ditu egun, eta, besteren artean, "musikarien etengabeko prestakuntza sustatzeko, sentsibilitate artistikoan sakontzeko, musikarekin esperimentatzeko bitartekoak eskaintzeko edota Euskal Herriko musika propioaren garrantzia ezagutarazi eta balioesteko" ari da lanean.