Aurkari zuzena den Leioa hartuko du areto futboleko taldeak bihar, zapatua, Zubikoan

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko otsailaren 20a

Areto futboleko taldea (Argazkia: Oier Yaniz).

Euskal Ligako bigarren itzuliko bosgarren partidua izango da. Aurreko lauretatik hiru, irabazi egin dituzte.

Denboraldiko bigarren itzulian sartuta dago Aloña Mendiko areto futboleko talde gorena, eta ari da helburuak betetzen. Euskal Ligan lehiatzen da aurten; lehen itzuliko helburua taldeak ezagutzea izan da, eta haiek baino gehiago izatea da bigarren honetan asmoa. Lautik hiru irabazi egin dituzte jada; zapatuan dute bigarren itzuliko bosgarren partidua, Leioaren kontra.

Euskal Ligan lehenengoz

Lehen aldia da areto futboleko taldea Euskal Ligan lehiatzen dena. Lorpen handia, batetik, baina zailtasunak dituen maila ere bada, bestetik. "Igartzen da maila handiagoan lehiatzen direla, exijenteagoa da kategoria hau. Guk baino esperientzia handiagoa duten taldeak eta jokalariak daude, eta hori nabari da. Bestetik, taldeak ere berriak dira denak guretako. Ez genuen euren jokoa ezagutzen, eta lehen itzulia horretarako baliatu dugu, taldeak ezagutzeko eta euren jokatzeko modua ikusteko. Gu, baina, oso pozik gaude. Geure lorpena izan da Euskal Ligan egotea, eta sekulako ilusioa dugu, gogotsu ari gara jokatzen", dio taldeko jokalari Julen Carr Ugartek.

Aurkari zuzenaren kontra

Hamasei talde daude lehian euren multzoan; gehienak Bizkaikoak dira, eta desplazamendu aldetik ere igarri dute maila aldaketa oñatiarrek; Goierriko eta Elorrioko taldeak dira etxetik hurbilen dituztenak. Asteburu honetan, esaterako, zapatuan, Leioaren kontra jokatuko dute. Oñatiarrek irabazi zuten joanekoa. "Partida lehiatua izango da. Aurkari zuzena da Leioa. Gu baino postu pare bat beherago daude sailkapenean, bi puntuko aldea baino ez daukagu, eta eurak irabaziz gero aurretik jarriko dira. Irabazteko asmoarekin jokatuko dugu", dio Carrek.

Irabazteko, eurek euren jokoa egingo dutela aurreratu du Carrek: "Kontrako taldearen aurka nola egin baino gehiago, geure jokoa sendotzea, lantzea, hobetzea, daukagu buruan. Horrela ari gara azken partiduetan, eta hori egin gura dugu. Partiduan bertan ikusiko dugu zerbait aldatu behar dugun edo ez, baina oinarria da arreta geure jokoan jartzea".

Kantxa urdinean

Taldea indartsu dagoela dio Carrek, "ilusionatuta", baita Aloña Mendiko eta areto futbola bera ere. "Joan den denboralditik hona baja pare bat izan ditugu. Bat gazteen taldetik igotako jokalari batek betetzen du, eta beharra dugunean gehiago igotzen dira. Jokalari batzuek dagoeneko hiru urte daramatzate gazte mailan, jokatzen eta oso maila ona dute". Kantxa urdinean jokatzea gurago du Iraipe Coinbroker Aloña Mendik, eta, ikusita berdean zailagoa dela partiduen egutegia eta ordua finkatzea, kantxa urdina dute hartuta partiduetarako; zapatuetan, 18:00etan. Baita Leioaren kontrakoan ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak