Herritarrek egindako zortzi proposamen gauzatuko dira

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko otsailaren 19a

Egingo diren zortzi proiektuak.

Partaidetzazko Aurrekontuen bozketa fasean mila bototik gora jaso dira eta Otadui zuhaiztiko pasealekuko arrapalak egokitzeko proposamena izan da gehien jaso dituena. Zortzi aukeratu dira guztira, denak hirigintzari eta zerbitzuei lotutakoak.

Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuaren bitartez herritarrek proposatu eta bozkatutako zortzi proiektu gauzatuko ditu Udalak urte bi hauetan, 2026an eta 2027an. Hirigintzarekin eta zerbitzuekin lotura dutenak dira guztiak eta dagoeneko bi departamendu horietan daude gaiak, proiektuen garapena eta exekuzio-egutegia zehazteko.

Otaduiko arrapalek boto gehien

Otadui zuhaiztiko pasealekuan ibilgailuen bidegurutzeetako oinezkoen arrapalak egokitzeko proposamenak eskuratu ditu boto gehien. Bidaurretarako bi ekarpen ere badaude bozkatuenak izan direnen artean: zuzengunean aterpea jartzea eta berdegunea aisialdi gunerako prestatzea. Horiez gain, beste bost hauek izan dira aukeratuak: plazako adokinak konpontzea, plazako komunak berritzea, iturri historikoak eraberritzea, eta zakarrontzi eta banku gehiago jartzea. Egingo diren zortzi proposamen horien aurrekontu osoa 595.000 euro da.

Partaidetza eta Garapen Komunitarioko batzordeburu Anik Zubizarretak azaldu duen moduan, 300.000 euro daude jasota aurtengo aurrekontuan ekimen honetarako eta beste horrenbeste jasoko da hurrengo urtekoan, baina kopuruak ez dira hain zurrunak izango, malguagoak baizik. "Hirigintzako eta zerbitzuetako sailen esku daude orain, hor landuko dituzte eta erabakiko da gero zein proiektu noiz egin. Baina posible da, adibidez, aurtengorako jasota dagoen kopurua baino pixka bat gutxiago edo gehiago inbertitzea aurten, eta diferentzia 2027an. Guztira, 600.000 euro bideratuko dira horiek gauzatzeko".

Balorazio positiboa

Prozesuaren azken fasean, bozketarenean, 1.052 boto jaso dira online zein esku orritan –41 baliogabeak–. Aurrekoan baino %25 handiagoa izan da kopuru hori eta prozesuak izandako erantzunarekin pozik daudela adierazi du Zubizarretak. "Milako langa gainditzea izugarria da, oso pozik gaude. Horrez gain, baina, ikusi dugu herritarrak identifikatu direla prozesuarekin, ezagutzen zutela, eta hori ere pozgarria da oso guretako. Ekarpenak egin dituzten herritarrak, gainera, perfil askotarikoak izan dira, normalean beste prozesu batzuetan parte hartzen ez duten askok hartu dute parte hemen, eta oso aberasgarria da hori. Eskerrak eman gura dizkiegu guztiei".

Proiektuek euren bidea hasiko dute orain eta jarraipen batzordeak egingo die segida, gauzatzea ziurtatuz.

2026an eta 2027an egingo diren proiektuak

  1. Arboleda pasealekuan ibilgailuen bidegurutzeetako oinezkoen arrapalak egokitzea, irisgarritasuna hobetzeko. 552 boto (%54,6) 47.000.
  2. Plazako komun publikoak berritzea. Instalazioak eta komunak eraberritzea egungo arazoak konpontzeko. 420 boto (%41,5) 150.000 euro.
  3. Bidaurretako berdegunea aisialdirako zein atsedenerako gune bihurtzea. Horretarako elementuak eta hiri altzariak jartzea. 444 boto (%43,9) 20.000 euro.
  4. Zakarrontzi gehiago jartzea herriko hainbat lekutan. Udalaren irizpideen arabera aukeratuko dira lekuak. 472 boto (%46,7) 10.000 euro.
  5. Herriko iturri historikoak eraberritzea: plaza, San Anton, Kanpantxo, Santa Marina, Etxaluze eta Iturritxo. 418 boto (%41,3) 108.000 euro.
  6. Bankuak jartzea edo egokitzea hainbat lekutan: San Juan kalean, Santa Marina plazan, Ugarkalden eta San Martinen. 315 boto (%31,2) 15.000 euro.
  7. Bidaurretako zuzengunean aterpea jartzea. Iturriaren inguruan, eguraldiagatik babesteko eta atseden hartzeko. 324 boto (%32) 20.000 euro.
  8. Plazako galtzada-harriak konpontzea, euri-uren saretek eragindako koskak ezabatzeko lanak.

    400 boto (%39,6) 225.000 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak