DJ batek ere musika jarri zuen plaza girotzeko, eta mozorroak jantzita atera ziren asko zer giro zegoen ikustera. Horren aurretik, 17:00etan, Arlekino ikuskizuna eskaini zuten Gari, Montxo eta Joselonxo pailazoek Zubikoan. Handik atera zirenean batu ziren plazako ospakizunetarako hainbat eta hainbat ume eta guraso, mozorrotuta asko.
Oñatiko misio taldekoak banatu zuten txokolatea beste behin; 72 litro guztira. Batutako dirua misio taldeak Dhaguellen –Ginea Konakry– irekiko duen osasun zentrorako izango da. Haurrendako eskola egin zuten lehenengo ha, neska gazteendako lanbide-eskola gero eta orain osasun-zentro berri baten eraikuntza egingo dute orain. "Proiektu berri honek aukera emango dio eskualde osoari oinarrizko arreta medikoa tokian bertan jasotzeko, gaur egun ordu luzez bidaiatu behar baitute ospitale batera iristeko. Zentroak izango ditu kontsulta-gelak, erditze-gela, behaketa-gela, farmazia, komun-blokea eta osasun-langileentzako bizitokiak, besteak beste. Era berean, anbulantziarako aparkalekua, berdeguneak eta herritarrek segurtasunez sartzeko gune egokituak ere aurreikusi dira", aurreratu du misio taldeko Manu Egañak.
Lanaren aurrekontu estimatua 375 milioi franko ginear dira (–40.000 euro inguru– da, eta tokiko materialen, langileen eta jarraipen teknikoaren kostuak barne hartzen ditu. Obraren ardura A.D.D. elkartearen esku egongo da, bere presidente Mamadou Alpha Bahren zuzendaritzapean, Oñatiko taldearekin urte askotako lankidetzan. "Proiektu hau ez da eraikin bat soilik; elkartasunaren hari batez lotutako komunitate bat da", diote misio taldekoek, "harro gaude Oñatiren izenean itxaropena eta bizitza eramateaz milaka kilometrora dagoen herri batera".