Palestinan bizi duten egoera gogorra herritarrek ez ahaztea da Oñati Palestinarekin elkarteak abiarazi duen sentsibilizazio kanpainaren helburua, aurretik herritarrek erakutsi duten elkartasuna mantentzearekin batera. Herriko txoko ezberdinetan jarri dituzten kartelen bitartez hasi du kanpaina. Panel gogorrean egindako kartelak dira, luzaroan irauteko moduan jarrita daude, eta esaldi eta argazki bana dituzte. Esaterako, "ez utzi Palestinaz hitz egiteari", "Palestinan genozidioa darrai, boikot Israel" edo "Palestina hotzez, gosez, bonbekin... gure gobernuen konplizitateaz dihardute hiltzen" moduko esaldiak jarri dituzte, koloretako edo zuri-beltzeko argazkien ondoan.