'Tarrapatatan' kalejira estreinatuko du bihar Oñatiko Inauterietako konpartsak

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko otsailaren 13a

Hartza eta txarangako kideak.

180 lagunek hartuko dute parte; Eltziatik abiatuko dira, 11:00etan

Eltziatik abiatuko da Oñatiko Inauterien konpartsa bihar, zapatua, 11:00etan, eta 180 lagunek osatutako taldea kalez kale ibiliko da goizean zein arratsaldean. Aurten, gainera, beste kalejira bat estreinatuko dute: Tarrapatatan.

Mikel Albistegiren pieza

Oñatiko Inauteriak lantaldeak jarri dio izena, baina pieza bera Mikel Albistegik konposatutakoa da: "Duela bi urte, kanta bat sortzeko lana hartu genuen musikariok. Kilika sortu nuen orduan, eta aurten Tarrapatatan kalejira. Saiatu naiz Aratusteekin bat datorren pieza izaten. Txarangarekin jo dugu, eta oso erakargarria da dantzarako". Horrekin batera, hiru kalejira joko ditu aurten Inauterietako txarangak: Kale Zaharra eta Bixamona dira beste biak.

Konpartsako hainbat elementu, bestalde, konpondu edo txukundu egin dituzte, hala nola maskara batzuk, erraldoiak eta zenbait traje. Karrozaren aurtengo toldoa, berriz, berria da.

Goizeko kalejira plazan bukatuko dute, 13:00etan, eta kiroldegian bazkalduko dute segidan konpartsako partaide guztiek –dantzariak, musikariak eta pertsonaiak–. 17:00etan aterako dira handik, eta arratsaldeko ibilbideari ekingo diote, Errementari plazarako bidea hartuta. Egunari amaiera emango dion azken ikuskizuna plazan egingo dute, 20:00etan.

Domekan, dantzak

Domekan, berriz, Oñatz dantza taldeak bolant dantzak egingo ditu kalez kale, 18:00etan. Aita Madina txistulari taldeak eta akordeoi jotzaileek ere parte hartuko dute eurekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak