Bestalde, Oñatiko Inauterien Taldeak herriko inauterien historia kontatzeko ikuskizuna prestatu du aurtengo Aratusteetarako. Potx eta Lotx pailazoen laguntzarekin sortu dute emanaldia, eta gaur, 17:30ean, taularatuko dute Santa Ana antzokian.
Oñatiko plaza irudikatzen duen dekoratua atzean dutela, Potx eta Lotxek herriko inauterien jatorria eta bilakaera azalduko dituzte, batez ere gaztetxoei zuzendutako saioan. Ikuskizunean, gainera, ohiko hainbat pertsonaia agertuko dira oholtza gainean: kondea, kondesa, borreroak, pregoilaria, hartza, zaindaria, txokolateroak, umea eta natura elementuak. Ikasleek ere parte hartu dute emanaldia prestatzen.