La Txamaren eta Bad Bunnyren doinuekin bertsotan

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko otsailaren 12a

Julio Soto, Libe Goenaga eta Manex Pagola, Eibarren egindako saioan (Argazkia: XDZ BERTSOZALE ELKARTEA).

Itzali eta Piztu proiektuaren saio bat egingo dute bihar, 19:30ean, gaztelekuan. Aitor Tatiegi da bertsotan musika elektronikoarekin egingo duenetako bat.

Bertso musikatuak entzungo dira bihar, egubakoitza, Itzali eta Piztu jaialdiaren barruan, baina ez orain arteko doinuekin. Musika elektronikoa entzungo da saio horretan, horrela, doinu horietara egokitutako bertsoak kantatuko dituzte oholtza gaineko lau bertsolariek, edo bertsoen moldetara moldatuko da bi musikariek joko duten musika. Bat-bateko bertso saio elektronikoa. Aitor Tatiegi oñatiarra da bertsolarietako bat.

Zuzeneko musikarekin

Hiru musikarik, beste hiru gai-jartzailek eta hamaika bertsolarik hartzen dute parte Itzali eta Piztu egitasmoan, eta txandaka joaten dira saioetara. Hala, Tatiegirekin batera, Julio Soto, Haira Aizpurua eta Ekhiñe Zapirain arituko dira Oñatin. Musikariak, berriz, Libe Goenaga eta Manex Pagola izango dira. Hain zuzen ere, bi musikari horiek eta Aner Peritz daude proiektuaren sorreran, eta Lankurena da ekoizpena. Joan den urrian egin zuten aurreneko saioa, Eibarren.

Xabier Leterenak ere bai

Oñatikoaren aurretik Muxikan eta Mutrikun antolatu diren saioetan ere egon da Tatiegi: "Muxikan ikusi nuen jendea harritu egin zela hasiera batean, baina giroa bestelakoa zen amaieran; gustura ibili ziren. Mutrikuko entzuleak askotarikoak ziren, umeak ere bai tartean, eta hasieratik izan zuen erantzun ona saioak. Esango nuke bertsozalea den jendearendako eta ez direnendako moduko saioak direla". Formatu aldetik, bertso saio musikatuak izaten dira. Aldatzen dena musika mota da, eta emanaldi elektronikoek eurek dituzten ezaugarriak: bolumena altuagoa edo autotunearekin kantatzea. Musika, berriz, "denetarik", Tatiegiren esanetan: "Entzun daitezke, esaterako, La Txamaren eta Bad Bunnyren abestien doinuak, baina baita Xabier Leteren klasikoak edo Pello Joxepe, adibide bat jartzearren".

Oñatiko gaiak eta orokorrak

Egitasmo horretan dauden hiru gai-jartzaileetako bat da ama oñatiarra duen Ainhoa Larretxea beratarra, eta hura etorriko da, hain zuzen ere, Oñatiko saiora. "Musikaren doinua elektronikoa izango da, eta horrek lagunduta egingo dute bertsotan lau bertsolariek, baina saioak berak ohikoek izaten duten moduko formatua izango du. Hau da, agurra egingo dute bertsolariek, ofizioka kantatuko dute... ari- ketak ohikoak izango dira". Gaien inguruan, berriz, bertakoak zein urrutiagokoak egongo direla aurreratu du: "Saio hauetan saiatzen gara plazetan bazterrean gelditzen diren gaiak ekartzen, eta Oñatin ere horrela izango da. Noski, gai lokalak, bertakoak, eta orokorrak egongo dira".

Itzali eta Piztu bertso saio musikatua bihar, egubakoitza, izango da, gaztelekuan, 19:30ean. Sarrera hamar euro da. Eserlekuak jarriko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak