Oñatiko Inauterien historia azalduko dute eguenean, ikuskizun bidez

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko otsailaren 10a

Joan den urteko Inauteri Txiki egunean.

Oñatiko Inauterien historia kontatzeko ikuskizun bat prestatu du aurtengo Aratusteetarako Oñatiko Inauterien Taldeak. Potx eta Lotx pailazoen laguntzarekin egin dute, eta eguenean, hilak 12, taularatuko dute, Inauteri Txikiaren egunean, Santa Ana antzokian, 17:30ean. 

Oñatiko plaza ikusten den dekoratua atzean dutela, Oñatiko Inauteriez arituko dira Potx eta Lotx ikuskizun horretan, gaztetxoei egitasmo horren historia azaltzeko. Bertan parte hartzen duten pertsonaiak ezagutzea ere badu helburu ikuskizunak, eta, hala, oholtza gainean izango dira pailazoekin batera kondea, kondesa, borreroak, pregoilaria, hartza, zaindaria, txokolateroak, umea eta natura elementuak. 

Inauteri Txikia

Ikuskizun horretan parte hartu dute, gainera, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetako ikasle batzuek. Hain zuzen ere, maila horietako ikasleak ibiliko dira ikuskizunaren aurretik, kalez kale. 15:00etan elkartuko dira, Olaitturrin, eta erdiguneko kaleak zeharkatuko dituzte kalejiran. Oñatiko Inauterietako pertsonaiak ere eurekin ibiliko dira kalez kale, eta, plazara heltzen direnean, bi pieza eta azken dantza dantzatuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak