Zientzia-fikzioarekin eta espazioarekin lotutako doinuek hartu dute protagonismoa Oñatiko Musika Bandaren gaurko emanaldian. Programak hainbat lan ezagun bildu ditu: Stratosphere, Apollo 11–Mission to te Moon, Cassiopeia, Orbital, Out of Space, A space Suite eta Guardians of the Galaxy, guztiak unibertsoaren iruditeriarekin lotutako piezak. Kontzertua Aitor Biain Bidarte zuzendariaren gidaritzapean eskaini du Oñatiko Musika Bandak, eta emanaldiak harrera beroa izan du publikoaren aldetik.
Obra bakoitzak bere istorio propioa kontatu du, erritmo dinamikoak, pasarte lasaiak eta une misteriotsuak uztartuz. Musikaren bidez, "entzuleak gau iluneko zeruaren azpian kokatu dira, unibertsoaren zabaltasuna eta sakontasuna sentituz". Haize eta metal tresnen tinbreek barne zein kanpo espazioaren sentsazioa sortu dute, "paisaia kosmikoak marraztuz eta bidaia sentsorial batean murgilduz".
25 urteko lanaren aitortza
Emanaldiaren barruan, une berezia izan da Iratxe Mugarza bandako kideari urrezko pina emateko momentua. Horrela, Musika Bandan egindako 25 urteko ibilbidea aitortu nahi izan dute, urte hauetan guztietan egindako ekarpena eta erakutsitako konpromisoa eskertuz.
Oñatiko Musika Bandaren hurrengo kontzertua martxoaren 15ean izango da, eguerdiko 13:00etan, Zubikoa Kiroldegiko pilotalekuan.