Epaitzen ari diren eraso matxistaren harira, elkarretaratzea egin dute

Julen Murua Mesonero 2026ko otsailaren 8a

Herriko Plazan eginiko elkarretaratzea, domeka eguerdian.

Fiskaltzak bederatzi urteko kartzela zigor eskaera egin du epaitua izaten ari den gizonezkoarentzat. Oñatiko Sare Feministak elkartasuna adierazi dio biktimari Herriko Plazan egindako elkarretaratzearekin.

Duela bost urte Oñatiko etxebizitza batean emakume bat bortxatzea leporatuta epaitzen ari dira gizonezko bat Gipuzkoako Auzitegian. Fiskaltzaren ustez, sexu-eraso delitua da, eta, bederatzi urteko kartzela-zigorraz gain, akusatua hamar urtez neskarengana ez hurbiltzea eskatu du eta kalte-ordain ekonomikoa eman diezaiola. Horrez gain, akusatuak adingabeekin zerikusia duen edozein lanbide edo jardueratan aritzeko baimenik ez izatea hamabost urtez ere eskatu du.

Oñatiko Sare Feministak gaur, domeka, Herriko Plazan elkarretaratzea egiteaz gain, "babes osoa eta elkartasuna" adierazio dio emakumeari mezu bidez.

Udalaren adierazpena

Oñatiko Udalak ohar bidez adierazi du "babes osoa" eskaintzen diola "salatzaileari eta bere ingurukoei, bidegabeki luzea izaten ari den prozesu judizial honetan". Era berean, "sexu-indarkeria eta indarkeria matxista mota oro desagertzeko konpromisoa" berretsi du.

Udalak adierazi duenez, "ez da kasu isolatu bat, ez eta herritarren multzo zehatz bati eragiten dion arazo konkretu bat ere; errotik ezabatu beharreko egiturazko indarkeria da". Horren harira, nabarmendu du lanean jarraitzeko asmoa duela, eta gogorarazi du herriko eragile feministak ere norabide berean ari direla lanean. "Bide horretan jarraituko dugu lanean Udalean eta bide horretan ari dira herriko eragile feministak ere". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak