Otsailaren 3an, 43 urte bete ziren Angel Fernandez oñatiarra hil zela eta omenaldia antolatu dute zapatu goizean Kontseilu Sozialistako kideek. Militante politiko iraultzailea izan zen Fernandez, eta "zapalkuntzarik gabeko mundu baten aldeko lan nekaezina" egin zuen bere bizitzan zehar. Iraultza taldean aritu zen bere bizitzako azken urteetan eta talde horren baitan egiten ari zen ekintza armatu batean, lehergailu bat eskuetan lehertu zitzaion, eta sortutako zaurien ondorioz hil zen. "Bere konpromiso politikoa azken muturreraino eraman zuen, bidean bizia galduz".
Gaurko omenaldia 2013an Fernandezen omenez landatutako zuhaitzaren azpian egin dute. Bertso sorta batekin eman diote hasiera ekitaldiari; ondoren, aurreskua dantzatu dute eta irakurketa politiko batekin jarraitu dute. Irakurketan nabarmendu dute "egunero langile klasearen kontrako miseria ekartzeaz gain, pobretzeak jarrera erreakzionarioak hauspotzea interesatzen zaiola jabedunen klaseari". Horregatik azaldu dute, funtsezkoa dela "langileon batasuna aldarrikatuko duen erreferentziazko proiektu politiko bat eratzea”, eta Angelen eta beste militanteren memoria eguneroko borrokan eraikiko dutela gaineratu dute.
Katarsia Bergarako musika taldeak pare bat abesti jo ditu ekitaldian zehar, eta omenaldiari amaiera emateko, Internazionala elkarrekin abestu dute bertaratutako guztiek. Ondoren, luntxa egin dute San Martin inguruan.