Udalak azaldu duenez, "ezer baino lehen, babes osoa eskaini nahi diogu salatzaileari eta bere ingurukoei, bidegabeki luzea izaten ari den prozesu judizial honetan". Era berean, "sexu-indarkeria eta indarkeria matxista mota oro desagertzeko konpromisoa" berretsi dute. "Udaletik indarkeria matxistaren prebentzio, arreta eta erreparaziorako bideak urratzen jarraitzeko asmo irmoa adierazi nahi dugu. Izan ere, komunikabideek aste honetan ekarri diguten hau ez da kasu isolatu bat", gaineratu dute.
Udalaren arabera, 2018az geroztik indarrean dago indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta koordinatzeko protokoloa. Protokolo horretan parte hartzen dute osasun zentroek, udaltzaingoak eta Ertzaintzak, udaleko gizarte zerbitzuek eta berdintasun arloak, eta aurrerantzean Emakumion Etxiak ere parte hartuko du. Azken bost urteetan, guztira, 76 emakumek jo dute protokoloan parte hartzen duten zerbitzuetako batera; horietatik 16k sexu-indarkeria salatu dute.
Udalak adierazi duenez, "ez da kasu isolatu bat, ez eta herritarren multzo zehatz bati eragiten dion arazo konkretu bat ere; errotik ezabatu beharreko egiturazko indarkeria da". Horren harira, nabarmendu du lanean jarraitzeko asmoa duela, eta gogorarazi du herriko eragile feministak ere norabide berean ari direla lanean. "Bide horretan jarraituko dugu lanean Udalean eta bide horretan ari dira herriko eragile feministak ere. Hala, iganderako deitu duten agerraldiarekin bat egiteko deia zabaltzen dugu Udaletik ere".
Aholkularitza eta bidelaguntza
Bestalde, Udalak gogorarazi du gizarte zerbitzuen bidez —eta laster Emakumion Etxiaren bitartez ere— halako egoeren aurrean aholkularitza eta bidelaguntza eskaintzen dituela, salaketarik jarri nahi ez den kasuetan ere. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak Hariberria zerbitzua kudeatzen duela azpimarratu du, emakumeen aurkako sexu-indarkeriari arreta emateko 24 orduko zerbitzua, urteko egun guztietan, eskaintzen duena.