Desobedientzia zibilaren inguruko lan arrakastatsua, Santa Anako oholtzan

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 6a

Desobedienteak 18/98 antzezlanaren une bat. Argazkia: Tanttaka

Desobedienteak 18/98 antzezlana Oñatira iritsiko da domekan, Tanttaka antzerki konpainiaren eskutik. Desobedientzia zibila eta 18/98 sumarioaren auzia lantzen du antzezlanak, Zientzia Politikoetan doktoratu berri den Ainhoa izeneko pertsonaia baten doktoretza-tesiaren defentsa abiapuntu hartuz. Hark desobedientzia zibila jorratzen duen tesia defendatu beharko du epaimahai akademiko baten aurrean.

Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo dira antzezlana zuzentzeko ardura izan dutenak; azken hori bergararra da, eta, azaldu duenez "duela bost urte egindako beste lan baten bide beretik" dator Desobedienteak 18/98. "Antzezlan hartan Egunkaria-ren itxieraren gaia landu genuen; batzuetan, lantzen ditugu horrelako gaiak. Fernando Bernuesek esan zidan auzi horri buruz hitz egin nahi zuela, eta, 18/98 sumarioa hurbiletik bizi izan nuenez, neu ere horri buruz hitz egitera animatu nintzen", azaldu du Gabilondok.

Antzezlaneko testua Maria Goirizelaiarena da. "Oso ondo idatzitako testua da, gaiaren konplexutasuna kontuan hartuta. Fernandok eta biok testu horri buelta bat eman diogu, eta hortik irten da antzezlana", adierazi du Gabilondok.

Gazte baten tesia "aitzakia"

Domeka honetan izango da antzezlana, Santa Anan, 19:00etan; sarrera 10 euro da

Gaia taularatzeko, doktore-tesia defendatu behar duen gazte baten paperean jarriko da Aiora Enparantza –gaztelerazko bertsioan Miren Arrietak egiten du paper hori–. Enparantzaren kasuan, harekin lan egiten duten "lehenengo aldia" dela aitortu du Gabilondok, eta lehenengo aldi honetan "gustura" egin dutela lan. Tesiaren erabakiaren inguruan galdetuta, Gabilondok esan du gazteengana hurbiltzeko egin dutela: "18/98 sumarioan lehenengo aldiz erabili zen desobedientzia zibila metodo politiko moduan, Estatuaren aurka egiteko. Hori guztia nire adineko askok dugu gogoan, baina gazte askok lehenengoz entzungo dute horri buruz. Horregatik ikusi dugu aproposa zela gazte bat protagonista jartzea".

Ohiko antzezlanaren euskarri gisa grabazioak proiektatuko dituzte; zuzenekoak eta aldez aurretik proiektatutakoak. Gainera, eszena batetik bestera "erritmo azkarrean" igarotzen den antzezlana taularatuko dute; errekurtso horiekin gaiaren sakontasuna arintzea da asmoa. Grabazioetan, besteak beste, Indian Mahatma Gandhik lideratu zuen gatzaren protestaren eta Rosa Parksek piztutako afroamerikarren eskubide zibilen mugimenduaren irudiak proiektatuko dira, baita 18/98 sumarioko inputatuekin egindako elkarrizketak ere.

Inputatu baten azalean

18/98 sumarioko inputatuetako baten papera antzeztuko duenetako bat da Kepa Errasti aktore aretxabaletarra. Errastik interpretatuko duen papera Markel Zugaza izenekoarena da, eta benetako pertsonaia baten oinarrituta dago. Hala ere, beste hainbat pertsonaia ere antzeztuko ditu. "Antzerkiak ematen duen aukeretako bat da; gorputzarekin, ahotsarekin eta hitz egiteko moduarekin paper batetik bestera salto egitearena, dio Errastik.

Gabilondok bezala, Errastik ere "gogoz" hartu zuen 18/98 sumarioaren gaia taularatzeko proposamena: "Oso presente neukan gaia, baina oso gainetik ezagutzen nuen. Gogotsu hartu nuen, eta gerora konturatu nintzen, zaila baino gehiago, gai mardula zela; teknizismo askokoa. Hala ere, hizkera jasoa eduki arren, uste nuena baino errazagoa da ulertzeko".

Kepa Errasti aretxabaletarra, Desobedienteak 18/98 antzezlanean. Argazkia: Tanttaka.

Harrerarekin "pozik"

Duela hilabete Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zen antzezlana, eta, biek ala biek aipatu dutenez, oso harrera "ona" izan zuen emankizunak. Oñatin ere sarrerak erritmo onean ari dira saltzen –Santa Ana antzokiko behealdean ez da lekurik gelditzen–. Debagoienean, momentuz, ez dago beste datarik lotuta, baina, Gabilondok aipatu duenez, badago antzezlana Arrasatera eramateko asmoa. "Ia beteta egon zen Arriaga antzokia, oso polita izan zen. Asteburu honetan Donostian izan gara, eta hara ere jende ugari joan da. Pozik gaude, jendea erakartzen duen gaia dela ikusten da", esan du Gabilondok. "Obra berezia dela uste dut, eta oso interesgarria da kontatzen dena. Nik neuk gauza asko ikasi dut gai horrekin", amaitu du Errastik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak