Amaia Arabaolazak hartuko dio erreleboa Begoña Guridiri Lantzen tela-dendan

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko otsailaren 5a

Begoña Guridi eta Amaia Arabaolaza, Lantzen dendan.

Martxoan itxi egingo dute egun batzuetan, saltzaile berriak denda bere erara jar dezan. Egungo produktuak zein arropa konponketa zerbitzua eskainiko ditu gero ere.

Hamabost urte bete zituen azaroan Begoña Guridi Iñurritegik (Legazpia, 1959) Lantzen dendan lanean. Datorren hilabetean, martxoan, hartuko du erretiroa, baina dendak zabalik jarraituko du, Amaia Arabaolaza Perez de Landazabalekin (Oñati, 1969). Batak itxita ikusten zuen denda, eta besteak ez zuen inoiz pentsatuko denda hartuko zuenik, baina gertatu da; jarraipena izango du Lantzenek.

Erreleboa batak besteari

Begoña Guridik berak ere aurrekoek erreleboa emanda hartu zuen denda. "Ana Marik eta Pilarrek Santa Marinan zuten hasieran denda, eta josten ikasten ibili nintzen han eurekin; han atera nuen jostun titulua", dio Guridik. Duela hamabost urte, bietako azkena, Pilar, jubilatu zenean hartu zuen hark denda. Arabaolaza 0 eta 3 urteko umeen hezitzaile ibili da lanean azken urteetan, baina minduta du belauna; ondo daki ume txikiekin lan egiteak lurrean ibiltzea eskatzen duela, askotan makurtu eta zutitu beharra, eta horrek belaunari ez ziola mesederik egiten ikusten zuen. Guridik erretiroa hartzera zihoala iragarri zuenean, Lantzen hartzera animatu zuen alabak Arabaolaza: "Ezetz esan nuen hasieran, baina lana aldatzea ere banuen buruan. Jostea gustatzen zait, eta hementxe nago". Trantsizio garaian daude orain. Biak daude dendan: batek dendako martxa erakusten dihardu, eta besteak, ikasten.

Oraingoa, gero ere bai

Martxoaren erdialdean erretiratuko da Guridi. Orduan denda itxi egingo dute egun batzuetan, dendari berriak aldaketa batzuk egin gura ditu eta: "Ez dakit zenbateraino aldatuko den, baina neure erara jarri gura dut. Gero ere, hori bai, orain arteko moduko produktuak egongo da. Badut buruan berritasun batzuk ekartzeko ideia, baina orain arte egon dena gero ere egongo da".

Jostun asko herrian

Sartu-irten handia duen denda da Lantzen. Biek diote jende askok josten duela Oñatin. "Gazteak zein nagusiak etortzen dira, gainera, telak, hariak, kremailerak eta botoiak erostera. Gaztetxo asko josteko ikastaroetara joaten dira eta erretiratu berriek ere josten hasi gura dute. Ez dute arropa josten, nezeserrak eta poltsak egiten dituzte, adibidez, baina zaletasun handia dago, bai. Bestalde, egutegiari lotutako ospakizun asko daude Oñatin, eta hori ere igartzen dugu dendan. Aste honetan, esaterako, lepoko kordelen bila etorri da jendea, Aratusteak datoz orain, auzoetako jai asko daude, Herri Eguna...".

Telak, baserritar jantziak, etxeko batak eta pijamak ere badituzte Lantzenen, eta arropen konponketak ere egiten dituzte. Gero ere zerbitzu hori eskainiko duela aurreratu du Arabaolazak. Guridik, berriz, erretiratu arren, josten, ilobekin eta baratzean ibiliko dela dio, "baina iratzargailu barik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak