Ministerio Publikoaren behin-behineko akusazioak jasotzen duenaren berri eman du EFEk eta 2020ko urrian gertatu zela dio horrek, biktimaren etxean. Hainbat lagunekin batera gaua pasatu ostean, hurrengo goizean, bakarrik geratutakoan izan zen gertaera.
Fiskaltzaren ustez, sexu-eraso delitua da, eta, bederatzi urteko kartzela-zigorraz gain, akusatua hamar urtez neskarengana ez hurbiltzea eskatu du eta kalte-ordain ekonomikoa eman diezaiola. Horrez gain, akusatuak adingabeekin zerikusia duen edozein lanbide edo jardueratan aritzeko baimenik ez izatea hamabost urtez ere eskatu du.
Sare Feministaren babesa
Oñatiko Sare Feministak "ardurak hartzera" deitu ditu herritarrak. Eta emakumeari "babes osoa eta elkartasuna" erakutsi gura izan diote.
Hona hemen zabaldutako mezua:
"Orain 5 urte gure herrian gertatutako bortxaketa bat epaitzen ari da lurralde auzitegia. Bortxaketen eta sexu erasoen aurrean publikoki ardurak hartzea guztion betebeharra da. Eraso matxistak eta indarkeria sexuala izebergaren punta baino ez dira. Gure harremanetako eta gure jendarteko matxismoa ezabatzeko pausoak ematen jarraitu beharra daukagu.
Ez dezagun anaitasunaren izenean erasoen aurrean ezikusiarena egin.
Erasotua izan zen emakumeari gure elkartasuna erakutsi nahi diogu, eraso bortitzaz gain prozesu judizial luze batean egoteak sekulako esfortzua eta barne indarra eskatzen duelako. Antzerako egoeretan egon daitezkeen beste emakumeei ere luzatu nahi diegu gure elkartasun eta babes osoa. Ez da justua! Denon artean indarrak batu eta autodefentsarako deia eginez elkartuko gara.
Guk sinisten dizugu!"