Sailkapeneko laugarren postua begiz jota hasiko du igoera fasea Biotz Aloña Mendik

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 5a

Biotz Aloña Mendiko senior taldea. Argazkia Aitor Ugarte.

Gipuzkoako lehenengo mailan diharduen Biotz Aloña Mendi saskibaloi taldeak, bete ditu jada denboraldiko lan erdiak. Lehenengo helburua ondo bete dute; hau da, zortzi taldez osatutako ligaxkan, aurreneko lau postuetan amaitzea, igoera fasea jokatzeko txartela eskuratzeko. Orain, Igoera fasea hasiko dute asteburuan, Hondarribian. Oraingoan ere, aurreneko lau postuetan sailkatzea da helburua, maila igoera final four formatuan lehiatzeko.

Hamar garaipen eta lau porrotekin, denboraldiko lehen ligaxkako hirugarren tokian amaitu du Biotz Aloña Mendik. Iaz ere, arrakastaz bete zuten lehen urrats hau, baina igoera fasean amaitu zen mailaz igotzeko ametsa. Aitor Ugarte entrenatzaileak adierazi duenez, “pozik daude”, jokatutako hamalau partiduetatik hamar irabazi baititu taldeak. Dena den, “pena” ere aipatu du, igoera fasea, bi garaipen eta lau porroteko balantzearekin hasiko baitute Aloñakoek. Horiek dira lehenengo faseko ligaxkako onenen aurka Aloñak lortutako emaitzak; lehenengo eta bigarren sailkatuaren aurka jokatutako lau partidak galdu dituzte, eta, laugarren sailkatuaren aurka jokatutako biak irabazi.

Emaitza horiek igoera fasera eramango ditu Biotz Aloña Mendik, eta, ondorioz, seigarren postuan hasiko dute fasea; final four-etik kanpo. “Bigarren sailkatu den Axularrek gure balantze berdinarekin amaitu du; hamar garaipen eta lau porrot. Eurek, sailkapeneneko behealdean amaitu duten taldeen aurka partidak galdu zituzten. Hala ere, goian amaitu dugunon aurka asmatu egin dute eta lau garaipen eta bi porrotekin hasiko dute igoera fasea. Hor ikusten da goian amaitzen dugunon arteko norgehiagokak irabaztearen garrantzia”, azaldu du Ugarte entrenatzaileak. Gipuzkoako ligako igoera fasea jokatzeko, Biotz Aloña Mendiren multzoko onenei, ligako beste multzoko lau talde onenak gehituko zaizkie, eta, orain, beste multzoko lau talde horien aurka, bina partida jokatu beharko ditu Aloñak. 

Lehen erronka, zapatuan

Biotz Aloña Mendik asteburu honetan hasiko du igoera fasea, All4movil Hondarribia taldearen aurka, etxetik kanpo. Aitor Ugartek dioenez, talde ezezaguna da Hondarribiakoa: "Partidu zaila izango da, eta gutxi ezagutzen dugu taldea. Uste dut sekula ez dugula haien aurka jokatu, baina guk beti bezala prestatuko dugu partida eta lehiatzera joango gara". Era berean, igoera fasea hiru porrot eta hiru garaipenekin hasiko duen taldeetako bat da Hondarribia, eta, etxetik kanpo irabaztea, lehenengo lau postu horietara hurbiltzeko aukera ona da Aloñarentzat. "Aspaldi sailkatu ginen igoera fasera, eta, orain, garaipen batera ditugu Irun eta Hondarribia; guztira, lau partidu dira horiek. Laugarren postua bideragarri ikusten dugu eta hori eskuratzea, helburu moduan ikusten dugu", dio Ugartek. Biotz Aloña Mendi final four-era sailkatuko balitz, maila igoera azken bi norgehiagoketan jokatzeko bidea zabalduko litzateke Ugarteren mutilentzat.

Gazteek “aurrerapausoa”

Momentuz, iazkoa errepikatzea lortu du Biotz Aloña Mendik, baina entrenatzailearen ustetan, gazteek “aurrerapausoa” eman dute aurten, eta hori igartzen hasiak dira taldean: “Beteranoek urtero bezala jarraitzen dute, baina iaztik taldean dabiltzan gazteek aurrerapauso nabarmena egin dute”, dio Ugartek. Dena den, ez da erronka erraza izango final four-era sailkatzea; taldeko bi jokalariren hutsunea izango dute –kanpora doaz ikastera–, eta, ondorioz, lehenengo taldeko fitxa duten zortzirekin ekingo dio Aloñak bigarren faseari. “Zortzi jokalari horiek prest daude maila honetan lehiatzeko, beteranoak dira, baina ez da nahikoa. Horregatik, bigarren taldeko jokalariekin eta jubenilekin indartuko dugu taldea, azken txanpari aurre egiteko”, esan du Ugartek. Arazoak arazo, talde osoa erronkarako “prest” dagoela esanez amaitu du entrenatzaileak: “Seniorretako bi taldeek batera entrenatzen dugu eta jubenil batzuek gurekin entrenatzen dute asteazkenetan. Beharra badago guztiak daude prest taldeari laguntzeko”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak