"Lozorroan dagoen gizartea esnatzeko", Hiru Haundiak taldearen 'Hamaika arrazoi'

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko otsailaren 2a

Arkaitz Sasiain, Mikel Fernandez eta Jon Ander Arzuaga musikariak. Argazkia: Hiru Haundiak.

CD formatuan eta digitalean dago eskuragarri oñatiarren bigarren lana.

2019an ernaldu zen Hiru Haundiak taldearen hazia, eta gaur egun, Mikel Fernandezek (abeslaria), Jon Ander Arzuagak (bateria-jolea) eta Arkaitz Sasiainek (gitarra-jolea) osatzen dute hirukotea. "Ezustean izan zen dena; kideek elkar ezagutu, entsegu-lokalean riff batzuk atera, abestiei jarraipena eman eta gaur arte. Musikak eta gizartean gertatzen direnak kontatu beharrak batzen gaitu, eta kide bakoitzak bere sormen eta sen artistikoa erakusteko aukera ematen digu", azaldu du taldeko abeslari Mikel Fernandezek.

Hamar abesti

Kalean dute taldearen bigarren lana, Hamaika arrazoi izenekoa, iazko urrian Zumaiako Ozen Estudioan Jurgi Taboadaren zuzendaritzapean ekoiztu zutena eta Durangoko Azokan aurkeztu zutena. "Hamar abesti daude, zer kontatu eta kantatu badugulako, eta guztiak euskaraz egin ditugu, ongi uler gaitzaten. Taldea ezagutze aldera Durangoko azokan aurkeztea esperientzia aberasgarria izan zen. Orain arte jaso ditugun iritzien arabera, kantuek duten indarra eta abesteko modu bortitza nabarmendu digute; diskoa, orokorrean, oso dinamikoa dela esan digute gertuko lagunek eta musikariek".

Atea zabalik duen kaiolatik gertu dauden hiru txori ageri dira Bull Biain Berraondok egin dien azalean. "Orokorrean, liburuxkak eta azalak estilo minimalista izatea nahi genuen, zer pentsatu ematen duen horietakoa, eta lortu dugula uste dugu".

Zuzen eta gogor abestuta

Hitzak kritika sozialetik eta minetik daudela idatzita diote: "Kapitalak eta lanak sortzen digun morrontza; sare sozialetako gezurrak; asmatu ditugun muga imajinario zitaletan bizia galtzen duten migratzaileak... gurean Bidasoan ito edo trenak harrapatutakoak. Era berean, Martxoaren 3ko sarraskia ere salatzen dugu; kantu horretan, Ander Astigarraga gonbidatu genuen gurekin abestera, eta ederto pasatu genuen estudioan. Nolabait esanda, lozorroan dagoen gizartea xaxatu eta injustizien aurrean esnatzeko abes-ten dugu".

Esandakoak batzen dituzten doinuei etiketarik ez diete jarri gura, baina hirurak bat datoz gauza batean: "Bigarren diskoak rock gogorra eta post-hardcore estiloak ditu oinarri".
 

Martxoan, Antixenean

Gogotsu daude jendaurrean era- kusteko, eta, oraingoz, martxoan, Burrunda Faktoriak antolatuta, Oñatiko Antixena gaztetxean egingo dutena dute lotuta. "Ez dugu zuzeneko askorik jotzeko aukerarik izaten; hortaz, jaialdi horretan jotzeko gogotsu gaude, han izango gara gure zabor sonikoaz zuen belarriak izorratzen".
 

Kontzertuetan eta taldekideekin harremanetan jarrita eros daiteke Hamaika arrazoi, hamar eurotan, eta sarean ere badago: "Youtuben duzue entzungai, eta Bandcampen entzuteko eta erosteko aukera ere badago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak